Langabeen kopuruak behera egin du berriz ere: urrian baino 1.333 gutxiago

Lan merkatua jarduera ekonomikoaren motelaldiari eusten ari zaio. Afiliatuen kopurua inoizko handiena da.

LANSARE
Lansare Nafarroako enplegu zerbitzuko bulego bat. IÑIGO URIZ / FOKU
jokin sagarzazu
2023ko abenduaren 4a
10:20
Entzun

Udaz geroztik, moteldu egin da euskal ekonomia, baina ez lan merkatuari kalte handia egiteko adina. Hego Euskal Herrian, urrian gora egin zuen langabeziaren kurbak, baina azaroan beheranzko joera hartu du berriz ere. SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren arabera, hilaren amaieran 138.312 lagun zeuden langabe gisa erregistratuta Lanbideren eta Lansareren bulegoetan, aurreko hilabetean baino 1.333 gutxiago eta iaz baino 3.891 gutxiago. Langabezia tasa %9,93ra jaitsi da.

Azaroa hilabete ona izan ohi da enplegurako. 2013tik, urtero jaitsi da langabe kopurua hilabete horretan. Iaz, esaterako, 817 gutxiago zenbatu zituen SEPEk, eta 1.076 gutxiago 2021ean. Aurtengoa, 2008. urtetik langabe gutxien erregistratu den azaroa izan da.

Azaroan, halaber, ohikoa izaten da afiliatuen kopuruak gora egitea, Eguberrietarako merkataritzan eta ostalaritzan egiten diren kontratazioen ondorioz. Hala, urrian baino 2.270 afiliatu gehiago zenbatu ditu Espainiako Gizarte Segurantzak. Iaz baino 23.557 afiliatu gehiago daude, eta guztira 1.319.097 daude. Afiliatuen kopuruan ere marka ezarri da: inoizko gehien daude Hego Euskal Herrian.

Edonola ere, epe laburrekoak izan ohi dira garai honetan sortzen diren enpleguak; urtarrilean berriro milaka kotizatzaile galtzen ditu Gizarte Segurantzak, baina orain nekez jaitsiko da 1,3 milioi afiliatuen langatik.

Azaroan egin diren lau kontratutik hiru inguru (%76,06) aldi baterakoak izan dira. ELA sindikatuak salatu duenez, datu horrek erakusten du enplegua sortu arren, «kalitate eskasekoa» dela oraindik ere.

Azken hilabeteetan gertatzen ari den moduan, batez ere zerbitzuen sektorea ari da lan merkatutik tiraka. Azaroan ere alor horretan sortu dira enplegu gehienak. Aurreko hilean baino 1.495 langile gehiago daude. Industrian ere apur bat gutxitu da langabeen kopurua: urrian baino 85 gutxiago daude. Aldiz, lehen sektorean galdu dira lanpostu gehienak —1.204 afiliatu gutxiago—, baina hori ohikoa izaten da garai honetan, uzta bilketa garrantzitsu batzuen eta baxurako arrantzaldiaren amaierengatik. Etxeko langileen kopuruak (+129) eta autonomoenak (+746) ere egin dute gora. Aldiz, eraikuntzan 75 langile gutxiago daude eta enplegurik gabe zeudenen multzoa beste 175 pertsonarekin handitu da.

%79

Kontratuak zerbitzuen sektorean Azaroan egindako hamar kontratutatik zortzi ia (%78,92) zerbitzuen sektorekoa izan ziren: 68.440. Horietatik %76,54 aldi baterako kontratuak izan ziren.

Zerbitzuen sektoreko lanpostu sorrerak emakumeen artean izan du eragin handiagoa, enplegu horietan presentzia handiagoa izaten baitute beste batzuetan baino. Horrek eragin du azaroan enplegua aurkitu dute andreen kopurua gizonezkoena baino handiagoa izatea. Urrian baino 1.239 andre gutxiago daude langabezian, eta 94 gizon gutxiago. Dena den, lanik gabe dauden hamar herritarretik ia sei (%58,1) emakumezkoak dira oraindik.

%25

Zenbat emakumek duten lanaldi partziala Lau emakumetik batek du lanaldi partziala (%25,5ek); gizonen artean %11koa da portzentaje hori. Aldizkako finkoei dagokienean ere, emakumeen artean proportzioa handiagoa da (%5,3), gizonezkoen artean baino (%2,8).

LAB sindikatuak kezka agertu du industria pisua galtzen ari delako, «lan baldintza kaxkarragoak» dituen zerbitzuen sektorea mesedetan.

CCOOren arabera, emaitzek «kezkarako zantzuak» erakusten dituzte, batez ere aldizkako finkoei eta lanaldi partzialeko okupazioari buruzkoek. Sindikatuak uste du «agortzen» ari direla Espainiako Gobernuak aurreko legegintzaldian egindako erreformen ondorioak, eta «hobekuntza berriak» behar direla adierazi du.

Langabezia sariak

Langabezian dauden pertsonen erdiak baino gehiagok (%53,79) ez zuen prestaziorik jaso urrian. Sari arrunta jaso zuten lautik batek (%26,4). Eta subsidioa %18,07k, 25.233 lagun, erdiak baino gehiago 50 urtetik gorakoak.

Hain zuzen ere, Espainiako Gobernuak langabezia sari hori aldatuko du aurki, baina Ekonomia eta Lan ministerioen proposamenak ez datoz bat. Langabezia saria amaitu edo hori jasotzeko adina kotizatu ez dutenek jasotzen dute subsidioa. Orain, 480 euro ematen dira hilean. Kopuru hori moldatu nahi dute, eta exijentzia berriak jarri nahi dituzte. Adibidez, Ekonomia Ministerioak proposatu du lan eskaintza bat baztertzen dutenei langabezia subsidioa kentzea; Yolanda Diaz Lan ministroak «erabateko desadostasuna» agertu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.