Gaurtik aurrera eska daiteke Espainiako Gobernuak epe luzeko langabeei emango dien 426 euroko laguntza berria. Pentsatzekoa da Hego Euskal Herrian gutxik eskuratuko dutela, Madrilek finkatutako baldintza gogorren artean baitago beste ezein sarirekin bateragarria ez izatea. Horrek esan nahi du, printzipioz, laguntza eskatzerik ez dutela izango oinarrizko errenta jasotzen duten langabeek.
Muñozen arabera, "eragin praktikoki hutsala" izango du neurriak Hego Euskal Herrian. Hala ere, kritikatu egin du, batez ere bateragarria egiten duelako laguntza hori jasotzea eta enplegu bat lortzea. Zehazki, laguntza jasotzen ari den langabe bat kontratatzen duen enpresak sari hori deskontatu ahal izango du soldatatik. "Astakeria da hori", esan du gaur ELAko idazkari nagusiak, modu horretara "miseriazko kontratuak" finantzatzen direlakoan.
Oso gogor mintzatu da Muñoz CCOO eta UGT sindikatuen aurka, haien sinadura baitu 426 euroko laguntzak. "Barkamena eskatu beharko lukete Rajoyren politikaren zerbitzura jartzeagatik".
Muñozek nabarmendu du Hego Euskal Herriko langabeen %55 langabezia laguntzarik gabe daudela gaur egun, eta gizarte babes txiki hori baliatzen dutela batzuek "lan baldintza penagarriak inposatzeko".