Langabezia %1,7 jaitsi da ekainean, iaz baino gutxiago

206.893 langabe daude Hego Euskal Herrian: maiatzean baino 3.564 gutxiago, baina iaz baino 20.779 gehiago

Arnaitz Lasarte.
2012ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Maiatzean bezala, ekainean ere behera egin du Hego Euskal Herriko langabeen kopuruak. Hain justu, maiatzean baino 3.564 langabe gutxiago daude. Hego Euskal Herriko enplegu bulego publikoetan 206.893 herritar daude izena emanda, maiatzean baino% 1,7 gutxiago. Hala ere, iazko ekainean baino beherakada txikiagoa izan du langabeen kopuruak. Iaz, %2,62 gutxitu zen kopuru hori; aurten, %1,7. Gainera, iazko ekainarekin alderatuta, 20.779 herritar gehiago daude enplegu bulego publikoetan izena emanda —186.114 zeuden iaz—. Ekaineko datuak atzo plazaratu zituen SPEE Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak.

Uda aurreko hilabeteetan ohikoa da langabeen kopuruak behera egitea. Izan ere, zerbitzuen sektoreko enpresek langile berriak kontratatu behar izaten dituzte udako lan kargari aurre egiteko. Hori dela eta, maiatzean bezala, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan behera egin du langabeen kopuruak.

Jaitsiera handiena Gipuzkoan izan da, %2,7koa; egun 44.126 langabe daude, maiatzean baino 1.211 gutxiago, eta langabezia tasa %13,11koa da. Araban maiatzean baino 427 herritar gutxiago daude lanik gabe, %1,7 txikitu da zenbatekoa; 24.531 langabe daude, eta %15,31koa da tasa. Nafarroari dagokionez, 48.813 langabe daude, maiatzean baino 726 gutxiago, %1,5; langabezia tasa %15,86koa da. Azkenik, Bizkaian 1.190 herritar gutxiago daude beharrik gabe, maiatzarekin alderatuz gero. Zenbatekoa %1,3 txikituda, eta orain, guztira, 89.423 langabe daude.

Azken hilabetean langabeziak beherantz egin badu ere, ezin da esan urtebetean izan duen bilakaera horren ona izan denik.Izan ere, iazko ekainean baino 20.000 herritar inguru gehiago dago lanik gabe Hego Euskal Herrian. Kopuru hori Bizkaian handitu da batez ere; 2011n baino 9.515 langabe gehiago dago. Nafarroan %17an egin du gora langabeziak; 7.113 herritar gehiago dago beharrik gabe. Araban %12,3 hazi da kopurua: 2.699 langabe gehiago daude. Gipuzkoan, berriz, 2011ko ekainean baino 2.652 herritar gehiago dago lanik gabe, %6,4 gehiago, alegia.

Jarduera sektoreei erreparatuz gero, langabezia zerbitzuen sektorean murriztu da gehien. 1.599 herritarrek lortu dute lanposturen bat sektore horretan. Oraindik, hala ere, 125.958 langabe daude, guztira. Eraikuntzan 514 herritar gutxiago daude lanik gabe —25.553—, eta industrian 519 gutxiago —33.674—. Nekazaritza izan da ekainean langabeziak gora egin duen sektore bakarra. Hain justu, alor horretan 110herritar gehiago dago beharrik gabe.

Bestalde, Gizarte Segurantzan 717 herritar gutxiagok eman dute izena ekainean. Gorabehera handiena Bizkaian izan da, maiatzean baino568 herritar gutxiago erregistratu baitira Gizarte Segurantzan; Nafarroan, berriz,464 gutxiago. Bizkaian eta Gipuzkoan kopuru horrek gora egin du.

Datuen inguruan, «zuhurtzia»

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendiaren esanetan, SPEEk argitaratutako datuak «positiboak» dira, baina «zuhurtziaz» hartu behar dira kontuan, uda aurretik beti jaisten baita langabezia tasa. Industrian eta eraikuntzan langabe gutxiago daudela ere nabarmendu zuen Mendiak. Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuorde Javier Ruizek, EAEn langabeziaren jaitsieraren erdia 35 urte azpiko gazteen artean izan dela nabarmendu zuen.

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren ustez, langabezia udaren eraginez jaitsi da azken hilabeteetan, baina berriro gora egingo du kopuru horrek, «egiturazko» arazo bat dela uste baitu.

UGT-Euskadi eta Euskadiko CCOO sindikatuen iritziz, azken hilabetean langabezia murriztu izanak ez du esan nahi, etorkizun «itxaropentsu» bat etorriko denik. UGT-Euskadik ohartarazi du udazkena garai «txarra» izango dela lanpostuak sortzeko. Sindikatuaren arabera, lan erreformak lanpostuak sortzea atzeratzen du; gainera, «kotizatzen dutenen kopurua murrizten du». Euskadiko CCOOk esan du ekaineko datuak «anekdotikoak» direla, eta egungo egoera «distortsionatzen» dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.