Langabezia %6,7 handitu da irailetik urrira Hego Euskal Herrian

Urte arteko kopurua %35 igo da Nafarroan, %22 Araban, %19 Bizkaian eta %17 Gipuzkoan, INEMen arabera

jakes goikoetxea
2008ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
7.241 pertsona gehiago langabeziaren zuloan. Irailean baino 7.241 pertsona gehiagok jo dute lan bila Espainiako Enplegu Institutuaren bulegoetara (INEM) Hego Euskal Herrian. Langabezia %6,70 handitu da hilabete bakarrean, eta gora egin du laugarren hilabetez jarraian. Guztira 115.223 pertsona daude langabezian Hego Euskal Herrian, INEMen arabera. Horietatik %55 emakumeak dira eta %45 gizonak.

Igoera oso nabarmena izan da Nafarroan: %9,60koa. Hego Euskal Herriko 7.241 langabe berrietatik 2.401 Nafarroakoak dira. Ia Bizkaiak adina langabe berri ditu, Nafarroako populazio aktiboa askoz ere txikiagoa den arren. Hala ere, Nafarroaz gain, gainerako probintzietan ere handitu da langabezia: Araban %6,51, Bizkaian %5,82 eta Gipuzkoan %5,50.

Urte arteko datuei erreparatuz gero, langabeziaren igoerak izugarriak dira: %35,42koa Nafarroan, %22,89koa Araban, %19,05ekoa Bizkaian eta %17,45ekoa Gipuzkoan. Hala ere, aintzat hartu behar da duela urtebeteko langabezia tasa azken urteetako baxuena zela Hegoaldean.

Langabeziaren igoera, berriz, oso handia izan da 25 urtetik beherakoen artean: %18,1ekoa hilabete bakarrean eta %44,3koa urtebetean. LABek nabarmendu du langabeziaren igoerarik handiena lehendik lanik eduki ez duten eta lan bila hasi direnen artean gertatu dela: %10,5eko igoera.

Zerbitzuen sektorean

Langabe berri gehienak zerbitzuen sektoreko langileak dira, ia hiru langabe berritik bi. Industriakoak dira, berriz, bost langabe berritik bat eta eraikuntzakoak hamarretik bat. Langabezia %7,5 handitu da industrian, %7,2 eraikuntzan eta %6 zerbitzuetan.

«Datuek agerian uzten dute krisia sakontzen ari dela eta sektore guztietan eragiten ari dela», esan du LABek. Azken urteetan irabaziak pilatu dituzten enpresak «kaleratze masiboak» eta enplegua erregulatzeko dosierrak erabiltzen ari direla salatu du sindikatuak.

CCOOrentzat, INEMen datuek agerian uzten dute langabezia «jada» Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako arazo larrienetako bat dela: «Krisia bete-betean eragiten ari zaio bertako lan merkatuari».

«Gauzak gaizki doaz eta ezin da jarraitu esaten Euskadi ondo doala», salatu zuen atzo Loli Garcia Euskadiko CCOOko Enplegu arduradunak, Eusko Jaurlaritzaren mezuei erreferentzia eginez. CCOOk «errealismoa» eta «neurri zehatzak» eskatu ditu egoerari aurre egiteko.

Irailetik urrira langabezia igo egin den arren, handitu egin da Gizarte Segurantzan izena eman duten Hego Euskal Herriko langileen kopurua ere: urrian izena emanda egon direnen batez bestekoa 1.259.561 langilekoa izan da, irailean baino %0,30 gehiago.





############



Langabeziak inoizko igoerarik handiena izan du Espainian

INEM enplegu institutuak emandako datuen arabera,biztanle aktiboen %11,3 ari ziren lan bila urrian
Erredakzioa Donostia

Zazpigarren hilabetean jarraian langabezia igo egin da Espainian. Guztira, lan bila ari ziren 2.818.026 lagun zenbatu ditu INEM enplegu institutuak, aurreko hilean baino 192.658 gehiago. Lan eta Immigrazio Ministerioa langabezia datuak biltzen hasi zenetik tasa hainbeste (%7,34 ) igo den aurreneko aldia da. Gaur egun, 1996ko apirileko mailan dago enplegurik gabekoen kopurua Espainian.

CEOE enpresaburuen elkartearen arabera, gainera, datuak are gehiago okertuko dira aurrerantzean. 2010erako langile aktiboen %16 langabezian egongo direla uste du patronalak, hiru milioi lagun baino gehiago. Tasa %17koa izatea ere ez du baztertzen. Izan ere, haren esanetan, langabeziari ekonomiari baino gehiago kostatzen zaio errekuperatzea. 1993ko krisiaren ostean hori bera gertatu zela oroitu du.

Europako Batzordeak CEOEk baino aurreikuspen hobexeagoak egin ditu Espainiarentzat. Herenegun emandako datuen arabera, herrialdeak %15,5eko langabezia izango du 2010ean.

INEMen txostenak azaltzen duenez, batez ere zerbitzu sektoreko langileei eragin die langabeziak. Enplegurik gabe geratu diren 192.658 lagun horietatik erdiak baino gehiago, 113.720, zerbitzuetan aritzen ziren. Hilabetean %7,49 igo da sektoreko langabezia.





############



Zenbakia

47

Hartzekodunen konkurtsoak: Hego Euskal Herriko 47 enpresak baliatu dute hartzekodunen konkurtsoa aurtengo hirugarren hiruhilekoan, INEren arabera: Bizkaian 19k, Gipuzkoan 11k, Nafarroan 8k eta Araban 5ek. Horietatik 21 industria edo energia arlokoak dira, eta10 eraikuntzakoak.





############



Datuek agerian uzten dute krisia sakontzeneta sektore guztietan eragiten ari dela»

LAB


«Gauzak gaizki doaz,eta ezin da jarraitu esaten Euskadiondo doala»

loli garcia
Euskadiko CCOOko Enplegu arduraduna



############
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.