LANGABEZIA. ABUZTUA. Udarako lan kontratuak amaituta, langabeziak gora egin du abuztuan

3.386 lagun gehiago erroldatu dira enplegu zerbitzu publikoetan; azken urteotan, hilabete berean antzeko igoerak izan dira

Ivan Santamaria.
2010eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Abuztua ez da hilabete ona enplegua sortzeko. Aurtengoa ez da salbuespena izan: ia 3.400 langabe gehiago erroldatu dira Hego Euskal Herriko enplegu zerbitzu publikoen bulegoetan. Nafarroan izan ezik, herrialde guztietan handitu da lanik gabe eta lan bila ari diren pertsonen kopurua.

Azken sei urteotan antzeko igoerak izan ditu langabeziak abuztuan, baita ekonomian hazkunde boladak zirenean ere. Udako kanpainari erantzuteko egin ziren kontratuak amaitzeak eragindako egoera da, lan administrazioen azalpenari kasu eginez gero. Apirila eta uztaila bitartean atzera egin zuen langabeziak Hegoaldean.

Enpleguaren bilakaera orain zein izango den aurreratzeko datu gutxi utzi ditu abuztuak. Hori bai, zortzi hilabete igaro dira, langabe kopuruak iazko amaierakoa baino apur bat handiagoa da oraindik, eta urteko azken lau hilabeteak nahiko txarrak izan ziren: 11.200 lagunek galdu zuten lanpostua. Zalantza hori argitzen den bitartean, populazio aktiboaren %12k lanik gabe jarraitzen du: 170.000 lagun.

Uztailarekin alderatuz, igoerarik adierazgarriena Araban gertatu da, langabe kopurua %5 handitu baita. Tasari dagokionez, Nafarroak du daturik txarrena (%13,1), nahiz eta azken hilabetean langabe kopurua apur bat arintzea lortu.

Industria, eraikuntza eta zerbitzuen artean banatu da langabeziaren igoera. Urtearen joanean argazkia beste bat da, langabeak zerbitzuetan pilatzen hasi baitira. Hain zuzen ere, hala industrian nola eraikuntzan joan den abenduan baino langabe gutxiago daude, baina zerbitzuetan eta nekazaritzan gora doa kopurua. Langabe guztietatik %61 hirugarren sektorekoak dira; joan den abenduan baino bi puntu gehiago. Aurretik lanik izan ez eta bilatzen hasi direnak ere urte hasieran baino gehiago dira orain.

Emakume gehiago

Joera aldatzen ari da, era berean, langabeziak gizonen eta emakumeen artean duen banaketan. Krisiaren lehen enbatak gizonen langabezia bultzatu zuen, batez ere, baina azken hilabeteetan alderantziz gertatzen ari da. Hala, joan den abenduan baino 3.200 gizon gutxiago daude enplegu zerbitzuen bulegoetan izena emanda, eta tarte horretan egoera berean dauden emakumeak 4.500 gehiago izan dira. Emakume langabeen kopuru orokorra gizonen kopuruaren azpitik ere egon zen iaz, baina zenbaki orokorrean baino gehiago, tasan islatzen da emakumeen langabezia handiagoa dela. Emakume aktiboen %14,2 daude lanik gabe, eta gizonen artean tasa %11 da.

Behin-behinean izanagatik, indarrean sartu da honezkero Espainiako Gobernuak onartutako lan merkatuaren erreforma. Abuztua ez da ondorioak ateratzeko hilabeterik egokiena, baina lege aldaketa oraingoz oharkabean igaro da. Lan Ministerioak bultzatu nahi duen eredua -Kontratazio Mugagabea Sustatzeko Kontratua- 400 aldiz baino ez da erabili hilabete horretan. Sinatu diren kontratu guztietatik %0,6 baino ez dira izan, hain zuzen ere. Langile finkoa izateko beste formula -Ohiko Kontratu Mugagabea- 1.318 pertsonak sinatu zuten.

Aldi baterako kontratazioaren eta mugagabekoaren arteko banaketan ez da ezer aldatu. Aldi baterako 62.200 kontratu egin dira, guztietatik %95. Kopuru orokorrari dagokionez, nabarmen jaitsi da kontratazioa uztailarekin alderatuz (%26 gutxiago), baina iazko abuztuan baino ia 3.000 kontratu gehiago sinatu dira.

Espainiako Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako datuen arabera, Hegoaldeko 56.000 langabek ez dute inolako ordainik jasotzen. Krisia luzatzen ari da, baina estaldura tasa ez da askorik aldatu joan den urteko abuztutik: %68k eskuratzen zuten laguntzaren bat orduan, %67k orain. Hori bai, laguntzaren izaera nabarmen aldatu da. Iaz ordainen bat jasotzen zutenen %72k kotizatutakoaren araberako laguntza zuten. Oro har, sari handienak bermatzen dituen laguntza da. Aurten, ordea, %62 baino ez dira, hamar puntu gutxiago. Kotizatutakoaren trukekoa agortu ahala, sari txikiagoa eskuratzen du langabeak, eskubidea badu.

Iritzi kontrajarriak

Jarduera gelditu izanari egotzi zion langabeziaren hazkundea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuak, Gemma Zabaletak. Igoera ehunekoan azken urteotakoa baino txikiagoa izan dela nabarmendu zuen departamentuak, ohar baten bidez. «Daturik garrantzitsuena da urtarrilean 135.000 langabe genituela eta gaur egun 129.000 ditugula. Langabeziaren hobekuntza islatzen duen datu interesgarri bat da», Zabaletaren aburuz. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 2009. urtea 128.000 langaberekin amaitu zen -orain baino 1.000 gutxiago-, baina datu hori ez zuen aipatu sailburuak.

Confebask patronalak bat egin zuen gobernuaren ikuspegiarekin. Langabe kopuruaren igoera sasoikako arrazoiei egotzi zien, eta lan merkatuaren hondatzea gelditu dela uste du.

Sindikatuak ez dira hain baikorrak. ELAren ustez, kontratu finkoen kopuru eskasak lan merkatuaren erreformak dagoeneko porrot egin duela erakusten du. LABek, berriz, langabeziaren jaitsiera udarako lan prekario eta aldi baterakoetan oinarrituta zegoela salatu du. Azkenik, UGTk datuetan hilaren 29ko grebarako arrazoiak daudela ziurtatu du.





############



Lan erreforma onartu egingo da, EAJren abstentzioari esker

Datorren ostegunean egingo dute lege proiektuarenbehin betiko bozketa, Espainiako Kongresuan
Jakes Goikoetxea. Donostia

Zalantza gutxi bazegoen ere, EAJk jakinarazi egin du datorren ostegunean Espainiako Kongresuan lan erreformaren behin betiko bozketan izango duen jarrera: abstentzioa. Beraz, EAJk lan erreforma babestuko du, baiezkorik eman ez arren, bere abstentzioa funtsekoa baita lan erreforma onartzeko. Jarrera hori izan du lan erreformaren prozedura osoan. CiU ere abstenitzea espero da.

EAJ abstenitu egingo da; «lan erreforma beharrezkoa delako», esan zuen atzo Josu Erkoreka Kongresuko bozeramaileak, Radio Euskadin. Hala ere, EAJko ordezkariak gehitu zuen -alderdikideek prozedura osoan egin duten moduan- lan erreformak ez diela erantzungo ekonomiaren, enpresen eta langileen premiei.

Ondorioz, hilaren 9ko bozketan Espainiako Gobernuak lan erreforma onartzea lortuko du, bakardadean bada ere: PSOEren aldeko botoak bakarrik, EAJren eta CiUren abstentzioa eta gainerako alderdi guztiak kontra.

Lan erreforma gogortu egin da Espainiako Gobernuak onartu ostean izan duen ibilbidean, baina jatorrizko muinari eusten dio: kaleratzea errazagoa eta merkeagoa izatea.

Transferentzia aurrena

EAJ eta PSOE negoziatzen ari dira, EAJk Espainiako 2011ko aurrekontuak babesteko. Trukean, EAJk enplegu politika aktiboen transferentzia osoa eskatu dio. Iñigo Urkullu EBBko presidenteak PSOEri gogorarazi dio 2011ri buruz hitz egin aurretik 2010. urtea itxi behar dutela, eta horretarako enplegu politika aktiboen eskumen osoa eskualdatu behar dutela.





############



Babes soziala eta lan harremanak jokoan daudela uste du Unai Sordok

Hilaren 29an CCOOk eta UGTk deitutako greba orokorrarekinbat egiteko eskatu die ELAri eta LABi
J. G. Donostia

Lan erreforma. Pentsioena. Langabezia sistemarena. Negoziazio kolektiboarena. Batzuek bidea amaitzear dute, besteak ostertzean daude. Lan baldintzak eta gizarte babesa arautzen dituen erakunde egitura guztia jokoan dagoela uste du Unai Sordok, Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak. Egitura osoa eta, aldi berean, «urte askotako udazken beroenean».

Horregatik, irailaren 29ko grebaren garrantzia nabarmendu zuen atzo egindako agerraldian: «Mugarria izan behar du. Erreformen sakontasuna eta Espainiako Gobernuak krisitik ateratzeko hartuko duen bidea daude jokoan». Sordok uste du grebak arrakasta izanez gero langileek Espainiako Gobernua behartu egingo dutela lan erreforma aldatzera, lan erreformaren behin betiko bozketa irailaren 9an egingo den arren eta aurrera egite- ko babesa ziurtatuta daukan arren.

Lan erreforma onartzear daude, eta hurrengo aldaketa sakona pentsio sistemarena izango da. Sordok salatu du Espainiako Gobernua pentsio sistema erreformatzeko prest dagoela, sindikatuen babesarekin edo babesik gabe. Hala egin du lan erreformarekin ere.

CCOOk eta UGTk deitu dituzte langileak hilaren 29rako. ELAk eta LABek ez dute bat egin deialdiarekin. Sordok, hala ere, bat egiteko eskatu die, guztiek batera edo bakoitzak bere aldetik, «gehiegi dagoelako jokoan».

CCOO eta UGT hasi dira greba prestatzeko lanetan. Euskadiko CCOOk batzarrak egingo ditu ordezkariak dituen enpresa guztietan (4.200 ordezkari ditu guztira). Horrez gain, batzar nagusia egingo du irailaren 17an, Bilbon. Han izango da sindikatuaren Espainiako idazkari nagusia, Ignacio Fernandez Toxo.





############



Bi urtean lehen aldiz jaitsi da langabezia Frantzian

Langabeziak bi hamarren egin du behera Frantzian, %9,9tik %9,7ra, urtearen bigarren hiruhilekoan. 3,3 milioi herritar daude langabezian. Duela bi urtetik izan duen lehen jaitsiera izan da, Frantziako Estatistika Erakundeak (INSEE) emandako datuen arabera.

Jaitsiera handiena 50 urtetik gorakoen tartean izan da; 15 eta 24 urte artekoetan, berriz, kopuruak aurrekoen antzekoak izan dira. Emakumeen langabezia tasa %9,4koa da.

Christine Lagarde Ekonomia ministroaren iritziz, jaitsiera hori bat dator duela sei hilabetetik enpleguaren sorrerak izan duen joerarekin. Finantza Ministerioak espero du aurten 71.000 lanpostu galduko direla. Iaz 373.000 izan ziren.

11.363

Afiliatu gutxiago. Gizarte Segurantzak 924.291 afiliatu izan ditu abuztuan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, uztailean baino 11.363 gutxiago (-%1,21). Duela urtebeteko datuekin alderatuz gero, jaitsiera %0,67koa izan da, Lan Ministerioaren esanetan.





############



891,76

Langabezia saria. Uztailean emandako batez besteko langabezia saria 891,76 eurokoa izan zen Espainian, duela urtebete baino 109,94 euro gutxiago. Hilaren amaieran 2.976.191 lagunek jasotzen zuten langabezia saria, iaz baino %11,6 gehiagok.





############



«Datu garrantzitsuena da urtarrilean 135.000langabe zeudela eta orain129.000 inguru daudela»

GEMMA ZABALETA
Eusko Jaurlaritzako Lan sailburua



############



«Igoera iazko abuztuan baino txikiagoa izateak erakusten du lan merkatuaren galera gelditzen ari dela»

CONFEBASK



############



«Langabeziaren estalduran ere badago defizita: hiru langabetik batek ez du jasotzen ordainik»

ELA



############



«Emakumeen diskriminazioa areagotzen ari da; langabeziak gogorrago eragiten die»

LAB



############











############
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.