Igotzen den guztia erortzen omen da, eta, ekonomian behintzat, erortzen denak ere azkenean gora egiteko joera ere badauka. Horrelakoak dira ziklo ekonomikoak. Arazoa da grabitateak, naturan bezalaxe, ekonomian ere abiadura finkatzen duela. Hau da, erorketak bizkorra direla, baina aldapa gora egitea -haztea-, nekeza eta motela. Horren adibide esanguratsuena da enpleguarena.
Eustatek atzo zabaldutako datuek diote biztanleria aktiboaren %8,9 daudela langabezian Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Utz dezagun albora datuaren sinesgarritasunari buruzko eztabaida, PSE-EEk Jaurlaritzara iritsi zen egunean egin zuen bezalaxe. Kontua da bi urte eskasean, langabezia tasa bost puntu eta erdi igo dela bi urtean: 2008ko lehen hiruhilekoan, %3,3koa zen.
Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak aurreratu du urte amaieran %10era ere iritsiko dela eta agian orduan hasiko dela behera egiten. Arazoa da langabezia oso motel baizik ez dela txikitzen. Angel Gurria OCDEko buruak joan den astean, Donostian, onartu zuenez, enplegua berreskuratzeko bost edo sei urte beharko dira Europan. Aurreko krisiaren datuek arrazoi ematen diote Gurriari. 1992ko lehen hiruhilekoan %18,2 langabezia tasa neurtu zuen Eustatek, eta %25,8koa bi urte beranduago. Eta zehazki bost urte behar izan zituen %20tik jaisteko: 1999eko lehen hiruhilekoan %15,9an zegoen. Kontsolamendu bakarra da kopuru horiek urruti daudela, eta beste hondamendirik ez badago, ez direla iritsiko.
LANGABEZIA. EUSTAT. Enpleguaren grabitatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu