LANGABEZIA. EUSTAT. Urte hasieran 8.600 lanpostu galdu dira, horietatik 5.600 eraikuntzan

Martxoan abenduan baino 1.400 langabe gehiago daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta langabezia tasa %8,9koa da

jakes goikoetxea
Donostia
2010eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Urte hasierako datuek zapuztu egin dute iazko urte amaierako itxaropena. Iazko azken hiruhilekoan, 3.400 lanpostu garbi sortu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Urtebeteko joera hautsi eta enpleguaren galera eten egin zen. Orduan Administrazioko eta patronaleko ordezkariek esan zuten hurrengo datuen zain egon behar zela, joera aldatu zen edo ez ikusteko. Oraingoz ez da aldatu joerarik. Aurtengo lehen hiruhilekoan 8.600 lanpostu garbi galdu dira.

Eta langabeziak hazten jarraitzen du. Langabezia tasa %8,9koa da, aurreko hiruhilekoan baino 0,2 puntu eta iaz baino 1,2 puntu gehiago, Eustaten arabera. Atzo kaleratu zuen biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkesta. 91.800 langabe daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iazko abenduan baino 1.400 langabe gehiago daude, eta iaz baino 11.800 gehiago. Populazio aktiboa 7.200 lagunetan murriztu da, %0,4.

1. Galera eraikuntzan

Aurtengo lehen hiruhilekoan lanpostu gehien galdu dituen sektorea eraikuntzarena izan da. 5.600 lanpostu guztira; aurreko hiruhilekoan, aldiz, 1.700 lanpostu sortu zituen.

Gauza bera gertatu da industrian. Aurreko hiruhilekoan industria izan zen lanpostu gehien sortu zituen sektorea, 3.200. Albiste pozgarria zen, krisiaren ondorioz industrian galdu baitira lanpostu gehien. Baina aurtengo lehen hiruhilekoan aurrekoan sortutakoak baino gehiago galdu ditu, 3.700.

Enpleguak berreskuratu dituen sektore bakarra zerbitzuena izan da, 1.100 lanposturekin.

2. Araba

Arabak izan du langabeziaren hazkunderik handiena, %0,9koa. Aurreko hiruhilekoan baino 1.700 eta iaz baino 2.800 langabe gehiago ditu. Langabezia tasa %11ra iritsi da, eta %11,2koa du.

3. Bizkaia

Aurreko hiruhilekoan baino 1.800 langabe gehiago ditu, 52.000 guztira. Langabezia tasa %9,5ekoa da.

4. Gipuzkoa

Gipuzkoa izan da langabezia murriztu duen probintzia bakarra. Aurreko hiruhilekoan baino 2.100 langabe gutxiago ditu eta %6,6ko langabezia tasa du, puntu erdi txikiagoa. Hala ere, aintzat hartu behar da Gipuzkoak galdu dituela lanpostu gehien, 5.700 guztira.

5. Sexuka

52.200 gizon daude lanik gabe (%9,1). 39.600 emakume (%8,6). Langabezia tasak hiru hamarren eta hamarren bat igo dira, hurrenez hurren. Gizonek galdu dituzte lanpostu gehien, 7.700; emakumeek, berriz, 900. Hau da, lana galdu duten hamar langiletik bederatzi gizonak dira.

6. Kontratuak

Enpresarioek esan ohi dute oso zaila eta garestia dela langileak kaleratzea. Kontratu malguagoak eskatzen ari dira, kaleratutako langileei kalte-ordain txikiagoa ordaintzera behartuko lituzkeena. Eustaten datuen arabera, baina, lanpostua galdu duten gehienek kontratu mugagabea zuten. Aurreko hiruhilekoan baino 10.500 gutxiago dira kontratu mugagabea zutenak. Iazko datuekin alderatuta, ordea, aldi baterako kontratuak murriztu dira gehien.

7. Helduak kalera

Adierazgarria da kopuru absolutoetan langabeziaren hazkunderik handiena 45 urtetik gorakoen artean izan dela, bai aurreko hiruhilekoarekiko, bai iazko datuekiko. Hala ere, langabezia tasarik handiena gazteena da: lana egin nahi duen 16-24 urte arteko lau gaztetik bat langabezian dago.

8. 27.900 familia

Hiru etxetik batean ez dute pertsona aktiborik. Etxeko kide guztiak langabezian dituzten etxeak, berriz, %3,3 dira. Portzentaje apala dirudi, baina 27.900 familia dira, iaz baino 6.100 gehiago.

Hiru etxetik batean ez dago pertsona aktiborik, hau da, lanean, lan bila edo lan egiteko prest.

9. Erreakzioak

Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuarentzat datuak «etsigarriak» dira, halako emaitzak espero zituzten arren. Eusko Jaurlaritzak uste du langabezia tasa %10 inguruan mantenduko dela urte amaieran. Agirrek nabarmendu zuen krisia gainditzeko enpleguaren sorrerak «sendoa» eta «egonkorra» izan behar duela.

Langabeziari buruzko datuen nahasmendua

Eustatek atzo emandako datuen arabera, 91.800 langabe daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta langabezia tasa %8,9koa da. Espainiako Estatistika Erakundeak (INE), berriz, dio 123.200 zirela urte amaieran. Eta Espainiako Enplegu Zerbitzua Publikoak (SPEE), INEM ohiak, 138.125 zenbatu ditu. Hilabete batzuetan INEK eta SPEEk emandako langabeen kopurua Eustatek emandakoaren bikoitza izan da.

Nola da posible? Datu horien arabera, SPEEn izena emandako hiru lagunetik batek ez du lana bilatzen. Eustaten eta INEren datuak hiru hilero egiten dituzten inkestetan oinarritzen dira. SPEErenak bere bulegoetan izena emandakoen hileroko datuetan.

Eustat eta INE inkestak dira. Irizpide berak erabiltzen dituzte langabea zein den definitzeko. Hala ere, INEk Eustatek baino 31.400 langabe gehiago zenbatu ditu. Metodologian aldeak badaude. Eustatek INEk baino etxe gehiagotan egiten du inkesta. Eustatek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osoa hartzen ditu aintzat; INEk, berriz, probintzia horietako 39 eremu zehatz.

ELAk gatazka «luzea»espero du Saunier Duvalen

Saunier Duvalek Gasteizko lantegiko 118 langileetatik 80 kaleratu nahi ditu. Gasteizen galdarak, airea girotzeko gailuak eta hozte sistemak egiteari utzi nahi dio, produkzioa Alemaniara eta Frantziara eramateko. Ikerketa eta garapeneko saila bakarrik mantenduko luke Gasteizen.

Enpresaren eta langileen ordezkariek bilera egin zuten atzo. Bileraren ostean ELAk esan zuen ez dituela kaleratzeak onartzen, eta mobilizazioak egingo dituela. Sindikatuaren arabera, gatazka «luzea, gogorra eta konplexua» izango da. «Aurrez aurre jarrita bakarrik lortuko dugu egoera aldatzea».

Alemaniako Vaillant talde multinazionalarena da Saunier Duval.

%9,6

Europako Batasuna. Batez besteko langabezia tasa %9,6koa da, Eurostatek otsailean emandako datuen arabera. Hala ere, alde handiak daude herrialdeen artean. Espainiaren langabezia tasa, esaterako, %19koa da. Frantzian, berriz, %10ekoa.

Behin-behineko enplegua ez zigortzeko eskatuko du CEOEk

Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederazioak (CEOE) hainbat eskaera egingo ditu lan erreformaren negoziazioetan: kontratu mugagabeak «erakargarriago» egitea, behin-behineko enplegua zigortu gabe; lan kostuak murriztea; enpresen malgutasuna handitzea; eta laneko hutsegiteei aurre egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.