Eurostaten datuen arabera, eurogunean lan egiteko prest dauden biztanleen %10,7 lanik gabe zeuden joan den urrian. Iraiean %10,8 ziren, eta %11,5 iazko urrian. Langabezia tasarik txikiena da 2012ko urtarrilaz geroztik, baina oso urrun dago krisi aurreko mailatik, 2008aren hasieran %7tik gertu zebilelako.
Europako Batasun osoan, berriz, %9,3an geratu da langabezia tasa hirugarren hilabetez jarraian, nahiz eta 36.000 lagunek lana aurkitu duten.
Azken urtean EBko 28 estatuetatik lautan handitu da langabe kopurua, horien artean Frantzian (%10,5etik %10,8ra). Finlandiak eman ditu datu kaskarrenak (9tik %9,5era), herrialde hura baita, Greziarekin batera, atzeraldian edo atzeraldiaren ertzean dagoen bakarra.
Langabezia tasaren jaitsiera handiena Espainiak izan du —%23,9tik %21,6ra—, baina hura da, artean, tasa handienetan bigarrena duena. Haren gainetik Grezia baizik ez dago (%24,6ko tasa, abuztuan). Datu txarrak pixka bat konpondu dituzte Mediterraneoko beste herralde batzuek ere: Kroaziak (%17,6tik %15,8ra), Italiak (%13tik %11,5era) eta Portugalek ere (%13,etik %12,4ra).
Azkenaldian ohikoa denez, Alemaniak du tasarik txikiena (%4,5).
EB osoan ez da emakumeen eta gizonen artean alde handirik —hamarren bat okerragoa da emakumeena—, baina herrialdez herrialde aztertuz gero badira diferentziak. Oro har, Mediterraneo aldeko estatuetan handiagoa da emakumeen langabezia: Grezian zazpi puntu handiagoa, Espainian 2,3, Eslovenian 2, Italian 1,1... Baina kontrako adibideak ere badaude beste leku batzuetan. Alemanian gizonen langabezia tasa 0,9 puntu handiagoa da, 1,1 Austrian, 1,2 Frantzian eta 2,9 Irlandan.