Lau herrialdeetan %10etik gorakoa da langabezia tasa. Proportzioan, Nafarroak du handiena: %12,09. Herrialde horretan, %52 handitu da urtebetean, eta 37.379 lagun ari dira lan bila. Urte arteko datuei erreparatuta, langabezia gehien handitu den herrialdeen artean bigarrena da Araba. Iaz baino %48,05 lagun gehiago ari dira lan bila han, guztira 5.682, eta langabezia tasa %10,81ekoa da. Bizkaian %38,09 handitu da iaztik, eta tasa %11,40ra iritsi da. Gipuzkoan, %35,82 igo da, eta biztanle aktiboen %10,04k eman dute izena INEMen.
Hego Euskal Herriko egoera ekonomikoa Europako beste hainbat herrialderena baino hobea dela adierazi du ELAk. Baina salatu du hori ez dela islatzen langabezia datuetan. Sindikatuaren arabera, horren arrazoia Hego Euskal Herriko behin-behinekotasun tasa handia da. Hain zuzen, langileen %25,4k gisa horretako kontratuak dituzte, Europan tasa ez da erdira iristen. Urtarriletik otsailera bitartean egindako kontratuak jarri ditu adibidetzat ELAk. Egindako 81.325 kontratuen %89,9 aldi baterakoak izan direla esan du.
Langabezia igo dela-eta Espainiako Gobernuak hartu nahi dituen neurriak kritikatu dituLABek. Proposamenetako bat da aldi baterako enplegu erregulazioan dauden langileei langabezia saria 120 egun gehiago luzatzea, baldin eta azkenean kontratuak eteten badizkiete. Neurri horrek langabezian daudenen egoera ekonomikoa hobetzeko balioko duela baina ez duela lanik sortuko uste du LABek.
Okerrago iruditzen zaio enpresek Gizarte Segurantzari ordaindu beharrekoa murriztea. Horrek ez duela salmenten jaitsiera saihestuko uste du sindikatuak, eta eskaeraren igoerarik ere ez duela ekarriko dio. Aitzitik, neurri horren eraginez langileak ordezkatzea errazago izango dela adierazi du, eta Gizarte Segurantzak diru gutxiago izango duenez, pentsioak jaisteko arriskua ikusten du.
Euskadiko CCOOk eta UGTk Eusko Jaurlaritzari eskatu diote ez esateko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoera Espainiakoa baino hobea dela. Haien esanetan, krisia beranduago iritsi da, baina gogorrago ari da eragiten.
Inoiz baino langabe gehiago
INEMek Hego Euskal Herriko datuak ez ezik Espainiakoak ere jakinarazi zituen atzo. 3.481.859 langabe zenbatu ditu otsailean. 1996an datuak ematen hasi zenetik izandako kopururik handiena da hori.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak aitortu du datua txarra dela, baina, haren esanetan, «urtarrilekoa baino hobea» da. Hala, Zapateroren hitzetan, posible da joera aldatzen hasi eta hurrengo hilabeteetan langabezia ez igotzea azken hilabeteetako erritmoan.
Langabeziaren aurpegiak
Alexander Cañizares
32 urte, Usurbil
«Lanik ez zegoela esan ziguten egun batetik bestera»
«Otsailaren 12tik ez dut lanik. Soldatzaile gisa aritu nintzen, baina egun batetik bestera lanik ez zegoela esan ziguten. Urtebeteko langabezia saria dudanez, ikastaroak egingo ditut: langabezian zaudela, zerbait berria ikasi. Lana bilatzea oso zaila da: atzo lan eskaintza batzuk zeuden, baina segituan blokeatu ziren, eskaera handia zegoelako».Doris
37 urte, Lasarte
«Lan hobe bat besterik ez dut eskatzen»
«Zazpi urtez aritu nintzen emakume heldu bat zaintzen. Ondoren, Eulenen aritu nintzen garbiketa lanetan bi urtez, baina behin-behinekoak ginenez, kaleratu egin gintuzten. Halere, ez dut langabezia sariririk kobratu. Orain etxe batean ari naiz lanean, baina ez dut gizarte segurantzarik. Paperak eskuratu berri ditut. Lan hobeago bat, besterik ez dut eskatzen».Ainara
22 urte, Lasarte
«Dendaz denda ibili naiz, baina ez dut ezer ere aurkitu»
«Iaztik nago langabezian. Aurretik Urbilen [hipermerkatua] aritu nintzen lanean, eta ordutik dendaz denda ibili naiz lana bilatzen, eta ez dut ezer ere aurkitu. Kontratua egin zidaten hilabeterako, eta luzatuko zidatela esan zidaten, baina ez zidaten deitu, eta azkenean, ezer ere ez. Orain oso zaila da lana aurkitzea, nik ikusten dudanez, behintzat».Gioconda
50 urte, Lasarte
«Langabeziatik hilean 300 euro kobratzen ditut»
«Garbiketa enpresa batean aritu nintzen lanean, abendura arte. Urtarrilean langabezia saria kobratzen hasi nintzen, baina lanaldi erdia besterik ez nuenez egiten, 300 euro kobratzen ditut hilean. Zoritxarrez, errenta ordaindu behar duguna ez da 700 eurotik jaisten. Nire herrian [Kolonbia] administrazio ikasketak egin nituen, eta irakasle gisa aritu nintzen».Edurne Bazterra
28 urte, Andoain
«Nabaritzen da administrari eskaera jaitsi dela»
«Obretako administrari gisa aritu nintzen lanean hiru urtez. Baina obrak amaitu zirela ikusita, langabezia paperak egin zizkidaten. Bi urterako langabezia saria dut, eta bitartean ikasteko aprobetxatzen ari naiz. Hori amaitzean ez dit axola zerbitzari lana egitea. Zerbaitetik bizi behar da. Igandetan ikusten dituzu lan eskaintzak, eta nabaritzen da behera egin dutela».MIkel Alberdi
26 urte, Zarautz
«Panorama beltza ikusten dut lana aurkitzeko»
«Duela bi hilabetetik nago langabezian. Mekanika arloan egiten nuen lan, fresatzaile moduan. Lana berez, bageneukan, baina diru faltagatik eta gaizki egindako gestioarengatik geratu gara langabezian: seiko lan taldetik hiru. Panorama beltza ikusten dut lana aurkitzeko: curriculum bat edo beste bidali ditut, asko ez naiz mugitu, baina toki gutxitatik deitzen dute ».4
Lanpostuak. Krisiak krisi, Europako Batasunean lau milioi lanpostu bete gabe daudela baieztatu du, Rudy Thomas Belgikako enpresarien elkarteko presidenteak. Horrek enpresen beharretan «hutsuneak» daudela argi erakusten duela uste du Thomasek.Kaleratzeen kalte-ordainak jaisteko proposatu du OCDEk
Kaleratutako langileek trukean jasotzen dituzten kalte-ordainen kopurua merkatzeko proposatu dio OCDEk Espainiari. Erakundearen iritziz, langile finkoek jasotzen duten kalte-ordaina «oso altua da», behin-behinekoenarekin alderatuta. Horren ordez, kontratu bakarra sortzea planteatu du, kalte-ordainak antzinatasunaren arabera ezarriko lituzkeena. Egungo ereduarekin lan merkatua «zatitu» egin dela uste du, eta «gazteen, emakumeen eta etorkinen erabateko txertatzea eragotzi». Beste neurri batzuk ere helarazi dizkio Espainiako Gobernuari txosten baten bidez: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako emaitzak hobetzea, eta Lan Hitzarmenen arloan Administrazioaren parte-hartzea murriztea.-%3,5
Kotizazioak.BBVAk Espainiako Gobernuari hainbat neurri fiskal proposatu dizkio, 280.000 lanpostu sortzeko helburuarekin. Enpresen gizarte kotizazioak %3,5 jaistea da horietako bat, eta balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) bi puntu igotzea da bestea.Corbachok enplegurako «premiazko» neurrien berriemango du ostiralean
Hauek dira proposatutako neurri batzuk:Langabezia saria. Dosierrek kaltetutakoei langabezia egunak berriz lortzeko aukera ematea: 120 egunetan ezarri nahi du berriz lortu ahal izango diren egunen muga, behin-behineko dosierretan, eta 90 egunetan, behin betikoetan.
Gizarte Segurantza. Behin-behineko dosierra onartu diete enpresaburu bazuei, eta saria jasotzeko aukera izango dute: Gizarte Segurantzako kuotaren %50aren beherapena, sei hilabetez gehienera. %100, berriz, dosierrak kaltetutako langileak kontratatzen badituzte.
ICO. Espainiako Kreditu Ofizialeko Institutuak finantzaketa bide berri bat irekiko du, enpresa ertainen mesederako.
Dosierrek kaltetutakoen kopurua 30 aldiz handitu da
Urtarrilean, enplegua erregulatzeko dosierren menpe dauden langileen kopurua 3.852raino handitu da, eta baita dosierren kopurua, 169raino. Ondorioz, kaltetutakoen kopurua 30 aldiz handitu da, eta 15 aldiz, berriz, dosierren kopurua. Datu horiek Europa Press agentziak eman ditu.Ilaran jarri, txanda hartu eta dagokion funtzionarioarekin hitz egiteko zain egon. Enplegu bulegoetarako bisitak langabeziarekin batera handitu dira azken hilabeteetan, eta askok uste dute luzerako izango dela.
INEMeko ilarak,gero eta luzeagoak
Mikel Carramiñana BilboLangabezia saria jasoko du lehenengo aldiz Bikendi Goikouria bilbotarrak. Gaztea da, 27 urte, eta altzari elektronikoak ekoizten dituen enpresa batean aritu da urtebetez, Zamudioko teknologia parkean. Krisiaren aitzakiarekin kalean utzitako behin-behineko milaka euskal langileetatik beste bat besterik ez da. Lanik ez zegoela esan zioten nagusiek bere kontratua bukatu behar zenean, baina kitatze agiria jasotzera joan zen egunean, pertsona bat topatu zuen berea zen lanpostuan.
Langabezian egonda ere, goiz jaiki behar izan zuen atzo,INEMera joateko, hain zuzen. 09:00etan ireki arren, lehenagotik sortzen dira ilarak kalean. Ia 25 lagun ziren atzo Santutxuko bulegoaren aurrean. Luze itxaron behar izaten da INEMen, eta, horregatik, liburu bat edo egunkaria darama gainean batek baino gehiagok, ilaran zain daudela lan eskaintzak aztertzeko.
Barruan eguneroko paisaia topatzen dute langabeek: leihatilak, funtzionarioak eta txanda eskatzeko makina. Aukera anitz: lana eskatu, trebakuntza, kontratuei buruzko zalantzak, langabezia saria eta enpleguaren sustapena. Lan eskaintzak egiteko aukera ere ematen dute, baina gutxik eskatzen dute horretarako txanda, gutxiegik.
Lanera bueltatzeko gogoz
Krisialdiak luze joko duela uste du Goikouriak, «gobernuek aitortzen dutena baino gehiago, seguru». Hala ere, bere sektorean lana topatzea espero du, «ez dut uste sei hilabete baino gehiago itxaron beharko dudanik». Bitartean, langabezia saria jaso eta ikastaroren bat egingo du. INEMen ikastaro bi egin ditu aurretik ere, eta, bigarrenean, klasera joan gabe ere titulua eman ziotela dio, «ez dute fundamentu handirik».
Itxaropena badu ere, bere ikasketen araberako lanik lortzen ez badu «beste zer edo zer» hartu beharko duela aitortu du. Aurreko lanera ere gustura bueltatuko litzateke, «lanaldi luzeagoarekineta gutxiago kobratuta» ere. Urtarrilean, harekin batera hasitako langileetatik gehienak kaleratu zituzten, «25 ginen, eta hamar besterik ez ziren gelditu. Beste bost bota dituztela jakin dut gero».
Euskal Herriko gazte askok bezala, gurasoekin bizi da oraindik. Langabezian egon arren ez dute oinarrizkoena falta izango, bai, ordea, gainerakoa. Etxeko gastuekin laguntzen du, eta aurrezten zuen apurrak «lasaitasuna» ematen zion. Aurrerantzean, badaki gutxiago gastatu behar duela: «Afaltzera eta zinemara gutxiagotan joango naiz, esaterako». Txantxetan, tabernetako garagardoak utzi eta kalean berriro edango duela dio.