Espainiako tasak, berriz, %8,55 egin zuen behera. INEMek 28.015 langabe gutxiago zenbatu zituen ekainean, 1.626.134 guztira.Emakumeen eta gizonezkoen artean alde handia dagoela baieztatu zuten INEMeko ekaineko datuek. Hego Euskal Herriko langabeen %59,7 emakumeak dira. Gizonezkoak, horrenbestez, %40,29. Nafarroa izan zen langabezia emaitza kaskarrenak izan zituena. Izan ere, 563 langabe gehiago ziren ekainean, 16.487 guztira. Langabezi tasa %6,35 igo bazen ere, Nafarroako Gobernuaren arabera, «inoiz ekainean izandako zenbatekorik baxuena da». Gizonezkoen langabezia %1,37 jaitsi zen, emaku-meena, ordea, %6,31 igo zen. Nafarroako Gobernuaren arabera, «tradizioz, langabezia igo egiten da ekainean». «Orohar emaitzok baikorrak» direla azaldu zuen, «baina berez, ez da oso datu positiboa», onartu zuen.Araban ere langabeziak gora egin zuen aurreko hilabetean. 51 pertsona gehiagok izen eman zuten INEMen. 9.000ra igo zen Arabako langabeen kopurua. Gipuzkoan eta Bizkaian, ostera, tasa %5,95 eta %7,68 jaitsi ziren, hurrenez hurren. Maiatzetik 458 murriztu zen langabeen zenbatekoa Gipuzkoan eta 1.030 lagunetan Bizkaian.Sektoreka, langabeen gehiengoa eraikuntzakoa da, 50.161 lagun zehazki. Nekazaritza eta abeltzaintzakoak, berriz, 17.501 ziren eta 9.602 zerbitzuetakoak. Industriakoak ziren gutxiengoa, 7.017 lagun.Euskadiko CCOOren arabera, «datuok azken sei urteotako prekarietate mailarik altuena islatzen dute». Lan kontratuen %6,25 soilik behin betikoak izatea gaitzetsi zuen eta «prekarietateari aurre egiteko garaia» dela azpimarratu.
-
AEB-ETAKO LANGABEZIA
Moteldu egin da langabeen murrizketa
Joan den ekainean 112.000 lanpostu berri sortu ziren AEBetan. Langabezi tasa, beraz, azken hiruhilekoko maila berean gelditu zen, %5,6an. Langabeak 8,2 milioi ziren.Adituek iragarri zuten tasa bere horretan geratuko zela, baina sorturiko lanpostuen kopurua 250.000koa izango zela. Izan ere, maiatzean 248.000 sortu ziren eta adituen arabera, erritmoak ez luke moteldu beharko.Sektoreka, zerbitzuak izan ziren lanpostu gehien sortu zituztenak. 39.000 pertsona zerbitzu profesionaletan hasi ziren jardunean eta 37.000 hezkuntza eta osasun arloetan. Industriak, bestalde, 11.000 langabe eragin zituen. Hori dela eta, AEBetako ekonomiaren benetako susperraldia izango den zalantzak dituzte adituak.Dena dela, George W. Bush pozik dago, urte hasieratik 1,3 milioi langabe gutxiago daudelako AEBetan.