Araba, Bizkai eta Gipuzkoa inguruko beste ekonomia batzuk baino arinago ari dira suspertzen. Besteak beste, esportazioak eta turismoaren gorakada alde dituzte. Haatik, bultzada hori ez da aski izango oraingoz langabezia murrizten hasteko, BBVA bankuak egindako azterketaren arabera.
Zertan den Euskadi txostenaren lehen alea aurkeztu zuen BBVAk atzo, Bilbon. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiaren egoera eta etorkizuna aztertzen saiatu da. Aurten, EAEko ekonomia %1,3 haziko dela kalkulatu dute BBVA Research ataleko egileek. Eusko Jaurlaritzak esku artean duen aurreikuspena baino hamarren bat gutxiago da.
Hazkunde maila horrekin lanpostu garbiak sortzen hasiko dira, baina beste kontu bat izango da langabezia murriztea. Horretarako %1,7 eta %2 bitarteko hazkundea behar izan zen aurreko krisietan. Baliteke oraingoan gutxiago behar izatea, baina populazio aktiboaren garapenak izango du azken hitza. «Ematen du ekonomiaren hedakuntza garaietan baino gutxiago handituko dela populazio aktiboa, eta, hala balitz, hazkunde txikiago batekin nahikoa litzateke langabe kopurua gutxitzeko», Rafael Domenech bankuko Ekonomia Garatuen ataleko ekonomialari buru eta txostenaren arduradunaren irudiko.
Langabezia mugatzeko beste faktore bat Araba, Bizkai eta Gipuzkoako populazio aktiboaren dinamismo txikia dela azpimarratu du txostenak, populazio zaharragoa eta etorkin gutxiago izatearen ondorioz. Lan merkatuaren izaerak, egitura produktiboak, eta ekonomia irekia izateak nazioarteko hobekuntza gehiago baliatu ahal izatea eragin du. Halaber, EAEn eraikuntza eta etxebizitzaren doikuntza honezkero amaitu dela uste dute.
2012 urterako zalantzak
Urtebete barru ekonomiaren egoera zein izango den argitzea beste kontu bat da, ordea. Domenechen irudiko, «erabakigarria» izango da zorraren krisiak behin betiko konponbidea lortzen duen edo ez. Espainiaren egoerak ez duela Grezia, Irlanda edo Portugalekin zerikusirik defendatzen dute BBVAko ekonomialariek. Hala ere, defizita murriztea eta egiturazko erreformak egitea ezinbestekotzat jo dituzte, batez ere lan merkatuan.
Erreforma sakonen behar hori hazkundearen bidez azaldu zuen Domenechek, txostenaren aurkezpenean. Moldaketarik egin gabe, 2009 eta 2020 urteen artean Espainiako ekonomia %1,9 haziko litzateke, batez beste. Baina erreforma «handinahitsuak» eginez gero, puntu bat gehituko litzaioke hazkundeari. «Erreformei esker, langabezia denboraren erdian murriztea posible litzateke».
Langabezia jaisteko adinako hazkundea ez du ikusten BBVAk
Esportazioen eta turismoaren ekarpena ari da bultzatzen ekonomia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu