Lan merkatua

Langabezia jaitsi egin da 2019an, baina aurreko urtearen erdia baizik ez

Abenduan, 147.360 langabe zeuden erregistratuta Hegoaldean, 2018an baino 5.156 gutxiago b25.698 kotizatzaile gehitu ditu urteak bBost mila kontratu mugagabe gutxiago sinatu dituzte

Industriak abendu kaskarra izan du enpleguari dagokionez. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko urtarrilaren 3a
16:35
Entzun

Gazitik zein gozotik izan du 2019. urteak Hego Euskal Herriko lan merkatuan. Zazpigarren urtez jarraian, txikitu egin da langabeen kopurua, baina jaitsiera hori aurreko urtekoaren erdia baizik ez da izan. Erritmo galerarik ez du erakusten, berriz, Gizarte Segurantzaren afiliazioak, eta 2008. urteko marka historikoa gainditzea lortu du 2019 amaieran. Enplegu gehiago dago, baina haren kalitatea eskasa da, aldi baterako kontratu laburrak nagusi izan baitira; are gehiago, kontratu mugagabeen hazkundea eten du  2019. urteak.

Nafarroako datuak «kontraesankorrak» direla azaldu du lurralde horretako Eskubide Sozialetako kontseilariak, Carmen Maeztuk. Batetik, langabe kopurua handitu egin da Nafarroan, «baina inoiz ez da hainbeste jende lanean aritu».

Eusko Jaurlaritzaren eskutik, Borja Belandia Lanbideko zuzendariak aitortu du «nahi baino handiagoa» dela aldi baterako kontratazioa, eta egoera ekonomiko «ziurgabeari» egotzi dio arduraren zati bat. Belandiak onartu du oso jende gutxik aurkitzen duela enplegua Lanbideren bitartez —ez dira %4ra iritsi—, baina haren laguntza jasotzen dutenen %60k topatzen duela lanen bat.

Sindikatuen aldetik, ikuspegi ezkorra nagusitu da. «Ez dugu arrazoirik gertatzen ari denari buruz iritzi positiborik emateko», esan du Mikel Noval ELAko azterketa bulegoko arduradunak. Sortu den enplegua prekarioa dela ziurtatzeko datu bat nabarmendu du Novalek: 316.000 lagun daude enplegu bila Lanbiden eta Nafar Lan Saren, eta langabeak 170.000 gutxiago dira.

Langabeak

Espainiako Lan Ministerioak atzo emandako datuen arabera, 147.360 langabe erregistratu zeuden 2019. urtearen amaieran Lanbiden eta Nafar Lan Saren. Urtebete lehenago baino 5.156 gutxiago dira. INEren biztanleria aktiboaren inkestarekin erkatuz gero,%11ko langabezia tasa legoke Hegoaldean —%11,45, 2018 amaieran—. Azkenaldian bezala 2019an ere, erregistratutako langabeak gehiago dira inkestetan azaltzen direnak baino.

2007an jo zuen behea langabe kopuruak —90.151, urte horretako ekainean—, eta, azken hamarkadetako krisi ekonomiko gogorrenaren eskutik, sei urtez gora egin zuen etengabe. 2013ko martxoan jo zuen goia, 235.827 langaberekin, eta orduz gero jaisten aritu da. Jaitsiera erritmoa apala izan zen hasieran, baina bultzada handia hartu zuen 2015ean (-20.397), eta, polikiago bazen ere, dinamika horri eutsi zion 2018. urtera arte.

2019. urtean, bilakaera oso gorabeheratsua izan da. 2018koaren bidetik hasi zen urtea, baina udaz geroztik zenbakiak okerragoak izan dira hilabete gehienetan —iraila da salbuespena—, ekonomiaren hazkundea moteltzen ari dela baieztatu ahala. Abenduak susmo txarrak baieztatu ditu: 2012-2018 epean langabezia gutxitzen zuen hilabetea izan zen, baina 2019koan 1.167 langabe gehiago agertu dira Lanbiden eta Nafar Lan Saren.
Abendua bereziki kaskarra izan da Nafarroan (+782) eta Gipuzkoan (+309), eta hazkundearen motelaldia gehien jasaten ari den sektorean antzeman da gehien: industrian 1.251 langabe gehiago daude.

Afiliazioak

Enpleguaren sorreran ez da erritmo jaitsierarik. Azken sei urteetan 148.557 afiliatu berreskuratu ditu Gizarte Segurantzak, horietatik 25.697, azken hamabi hilabeteetan. Soldatadun arruntak ugaritu dira, ez baitago aldaketa handirik etxeko langileen, nekazarien, itsasoko langileen eta autonomoen erregimenetan.

Afiliatuen kopuruak 11 urte luze behar izan ditu krisi aurreko mailara iristeko, eta azaroan jarri zuen marka berria: 1.271.135 lagun ari ziren kotizatzen. Arazoa da 2007tik hona ugaritu egin direla egun gutxitarako kontratuak edo lanaldi erdikoak. Hau da, ez direla guztiz berdinak 2007ko afiliatuak eta 2019koak.

Kontratuak

Enplegu askoren behin-behinekotasuna argi azaltzen dute 2019ko bi datuk. Batetik, inoiz baino kontratu gehiago sinatu dituzte Hegoaldean: ia 1.467.000, iaz baino 80.000 gehiago. Bestetik, kontratu mugabeen hazkundea geratu egin da: 2013az geroztik handitu ondoren, 2019an aurreko urtean baino 5.000 gutxiago izenpetu dituzte. Kontratu guztien %8,21 izan ziren 2018an, eta %7,77ra 2019an.

Langabezia sariak

Datu gazien artean, langabezia sariaren estaldurarena dago. Azarokoak dira azkenak, eta erakusten dute langabeen ia %54k ez dutela saririk jasotzen. Sari arrunta %27,7k dute —iaz %24,9 ziren—, eta %16,5ek subsidioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.