LANGABEZIA

Langabezia jaitsi egin da urteko bigarren hiruhilekoan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Urtebetean hiru puntu egin du behera. Gainera, biztanleria okupatua handitu egin da: 13.800 gehiago dira 2017ko bigarren hiruhilekoan.

Pertsona bat Lanbideko bulego baten aurretik igarotzen, Ondarroan. MARISOL RAMIREZ, ARGAZKI PRESS
2017ko uztailaren 21a
11:29
Entzun

Eustatek argitaratu ditu 2017ko bigarren hiruhileko datuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lan merkatuari dagokionez. 923.000 lagun daude okupatuta; hau da, aurreko hiruhilekoan baino 13.800 pertsona gehiago (+ %1,5). Langabezia tasa %11 da, lehen hiruhilekoan baino %0,4 apalagoa.

Sexuari erreparatuta, gorakada handiagoa izan da emakumeen artean. Aurreko hiruhilekoan baino 8.800 emakume gehiago daude okupatuta; gizonen artean, berriz, 5.100 gehiago. Herrialdeka, hiruretan egin du gora. Hazkunderik handiena Bizkaian gertatu da, non okupatuak 7.600 gehiago diren; gero, Gipuzkoan, 5.300 gehiagorekin; azkenik, Araban, non 1.000 okupatu gehiago dagoen.

Jarduera sektore guztiek berreskuratu dituzte okupatuak, eraikuntzak izan ezik. Biztanleria okupatuak gora egin du zerbitzuen sektorean, 6.900 okupatu gehiago dira; industrian, 6.400 gehiago, eta lehen sektorean, 700 gehiago. Eraikuntzan, baina, okupatuen kopuruak behera egin du; 200 pertsona gutxiago dira orain.

Okupazio tasak, hamasei eta 64 urte bitarteko pertsona okupatuen ehunekotan kalkulatuta, adin horien guztizkoaren gainean, %1,1 egin du gora, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta %66,9 da. Tasa hori %70,1 da gizonen artean, eta %63,8 da emakumeen artean.

Herrialdeei erreparatuta, okupazio tasa handiena Gipuzkoakoa da, %68,7, eta, aurreko hiruhilekoaren aldean, %1,1 puntu handiagoa. Gero, Arabakoa, %67, aurreko hiruhilekoaren aldean zazpi hamarren gehiago. Azkenik, Bizkaikoa dago; han, okupazio tasak 1,2 puntu egin du gora (%65,8).

Gora egin du pertsona aktibo guztiak okupatuak dituzten etxeen kopuruak, eta behera, berriz, kide aktibo guztiak langabezian dituztenenak.

2017ko bigarren hiruhilekoan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 877.800 etxe inguru daudela kalkulatu dute; horietatik, heren batek ez du pertsona bat ere aktibo. Etxeen erdietan baino pixka bat gehiagotan, pertsona aktibo guztiak okupatuta daude; aurreko hiruhilekoan baino 11.100 familia gehiago. Gainera, 39.000 etxek dituzte pertsona aktibo guztiak langabezian; aurreko hiruhilekoan baino 800 etxek gutxiagok.

Langabezia tasa osoa jaitsi egin da; %11 da orain.

Kalkuluen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langabe kopurua, alegia, enplegua bilatzen ari diren, bilaketarako kudeaketa aktiboak egiten dituzten eta, gainera, lan egiteko prestasuna duten pertsonen kopurua 113.900 da, urteko bigarren hiruhilekoan; aurreko hiruhilekoan baino 3.100 pertsona gutxiago. Emakume langabeen kolektiboan, 54.400 pertsona dira; aurrekoan baino 6.900 pertsona gutxiago. Eta gizon langabeak 3.800 gehiago dira; 59.500, guztira.

2017ko bigarren hiruhilekoko datuen arabera, langabezia tasa %11 da; aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 0,4 puntu apalagoa. Gizonezkoen langabezia tasak %11ra igo da (ehuneko 0,6 puntu gehiago), eta emakumezkoena 1,5 puntu jaitsi da, eta %11 da, halaber. Gazteen langabezia tasa da handiena, oraindik ere: %9,1, nahiz eta ehuneko lau puntu baino gehiagoko (4,1 puntu gutxiago) beherakada izan duen; horrela, bada, langabeziak hamasei eta 24 urte bitarteko 8.200 gazte aktiborengan du eragina.

Herrialdeka, langabe kopuruan Bizkaian sumatu da beherakadarik handiena (-2.300 pertsona); han, langabezia tasa %12,2 da, aurreko hiruhilekoan baino puntu erdi gutxiago. Gipuzkoan –29.700 langabe ditu–, langabeziak behera egin du, eta 1.300 pertsona gutxiago dira; langabezia tasak ere behera egin du puntu erdi, eta %8,8 da. Araban, langabeziak gora egin du, 600 pertsona gehiago dira aurreko hiruhilekoaren aldean, eta langabezia tasak hiru hamarren egin du gora (%11,6).

Eurostat Europako Erkidegoko Estatistikako Bulegoaren datuen arabera, 2017ko maiatzean, Europako Batasuneko langabezia tasa %7,8 izan zen, eta Espainiakoa, %17,7.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.