Beste bi hilabete. Horixe da Eusko Jaurlaritzaren iritziz, langabeziaren igoera eteteko behar izango den denbora. Nafarroako Gobernua ez da epeak ematera ausartu, baina igoera apaltzen ari dela nabarmendu du, eta ildo beretik mintzatu da Espainiako Gobernua ere. Sindikatuak, berriz, balorazio ilunagoa egin dute, eta larritzat eta kezkagarritzat jo dute 168.000 lagun ibiltzea lan bila Hego Euskal Herrian.
Eusko Jaurlaritza
Carlos Zapatero Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuordeak esandu abenduan «egoera nahiko egonkorra» izan dela, eta joera hori indartu egingo dela udaberriaren hasieran. «2010. urtearen hasieran langabezia areagotu egingo da oraindik, eta afiliazioa murriztu, urteko lehenengo bi hilabeteetan gertatu ohi den moduan. Dena dela, azken hilabeteetako bilakaera eta egungo aurreikuspen ekonomikoak ikusirik, martxotik aurrera egoera egonkortuko delakoan gaude». 2010ean 15.000 lanpostu desagertzea aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak.
Nafarroako Gobernua
Datuak «txarrak» direla onartuta ere, alde onak bilatzeko ahalegina egin du Jose Luis Ruiz Ciruelos Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendariak. Esaterako, 2008an langabezia %52 handitzetik %23 handitzera igaro dela 2009an. Abenduan, Lodosako bulegoan handitu dira gehien langabeak (%9,75), eta Tuterakoan ondoren (%7,16). Lizarrakoan, ordea, ia ez da igo (%0,40). Nafarroako datuak Espainiakoak baino hobeak direla nabarmendu du Ruizek, eta ziurtatu du Iruñeko gobernuak «neurri adostuak» hartuko dituela «langabezia egonkortu» dadin.
Confebask
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako patronalak azpimarratu du azken hilabeteotan gutxitu egin dela langabeziaren hazkundea. «Hurrengo hilabeteotan langabezia are motelago haziko den itxaropena sortu digu horrek», esan du Confebaskeko Ekonomia Saileko Pablo Martinek. Enpresaburuak, ordea, Eusko Jaurlaritza baino ezkorrago dira, eta ez dute espero langabezia egonkortzea urtearen bigarren erdira arte. «Eta, agian, gutxitu ere gutxituko da».
ELA
Hurrengo hilabeteotan zer gertatuko den asmatzea baino gehiago, azken datuen irakurketa egin du ELAk, eta ez du ondorio onik atera. Batetik, oroitarazi du 2008ko ekainaz geroztik langabezia %66 hazi dela eta orduan baino 67.116 lagun gehiago daudela INEMen zerrendetan. Bestetik, ELAk nabarmendu du Hego Euskal Herrian Europako Batasunean baino enplegu gehiago deuseztatzen ari direla: EBn, langabezia %28,6 hazi da 2008ko urritik 2009kora, eta %42,6 Hegoaldean. «Ondorioa garbia da: krisia enplegua galtzeko aitzakiatzat erabiltzen da Hego Euskal Herrian, eta horretarako enpresaburuek hautatutako behin-behinekotasun handian baliatzen dute. Horretarako, administrazioen oniritzia dute». 2009an sinatutako kontratuen %92,3 behin-behinekoa izan direla aipatu du ELAk, 2008ko %90,9ren aldean.
Euskadiko CCOO
Javier Lopez Euskadiko CCOOko komunikazio arduradunak ez du baikor izateko arrazoirik ikusten «ekonomiaren suspertzeak enplegua sortzen duen arte». Abenduko datua «garaian garaikoa» dela iruditu zaio Lopezi, eta ziurtatu du eraikuntzan handitu izana Plan E-ren lehen fasearen amaierari zor zaiola. Euskadiko CCOOk ez du uste 2010ean enplegu asko sortuko direnik, baldin eta eredu produktiboa aldatzen ez bada. «Eredu horrek ez du krisia sortu zuten hutsegiteetan sakondu behar, gure herrialdean enpleguaren suntsiketan oinarritu delako», esan du Lopezek.
LAB
Sindikatu abertzaleak ziurtatu du azken 13 urteotako langabe kopuru handiena dagoela gaur egun: «Enpleguaren suntsipena hain da handia eta jarraia 1997ko martxora arte egin behar dela atzera oraingoaren halako langabe kopuru handia topatzeko». Etorkinen artean langabezia %32,5 handitu dela gogorarazita,LABek auzitan jarri du langile eskasia dagoenik, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako aurreko lehendakariak -2015erako 90.000 etorkin gehiago beharko zirela esan zuen-, edo Confebaskek -2020rako 233.000 langile gehiagoren beharraz ohartarazi zuen-. egin izan duten moduan.
LANGABEZIA. Langabeziak martxorako hazteari uztea espero du Jaurlaritzak
Langabezia Europan baino gehiago igo dela nabarmendu du ELAk, eta azken 13 urteotako handiena dela LABek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu