Langabezia saria, eskuragarriago

2023ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Autonomoen erreformak beste aldaketa handi bat dakar, eta horrek kolektiboak luzaroan jorratu duen aldarrikapen batekin dauka lotura: autonomoen langabezia saria deiturikoarekin. Eskuragarriagoa izango da orain, eta modalitate berriak sortu dira.

Alde batetik, laguntza jasotzeko eskatzen den gutxieneko kotizazioa arindu da. Lehen, jarduera utzi aurreko gutxienez hamabi hilabete jarraian kotizatu behar ziren; orain, gutxienez, hamabi hilabetez kotizatu behar da, baina aurreko hogeita lau hilabeteetan. Zenbatekoa eta iraupena kotizazioen araberakoa izango da.

Horrez gain, langabezia partziala deiturikoa zabaldu da: orain arte, jarduera erabat eten behar zen horretarako; orain ez da derrigorrezkoa izango. Lanarekin bateragarria da laguntza hori; kotizazio oinarriaren %50 jaso daiteke, lau hilabetetik bi urtera bitartean. Eskaera egiten duenak erakutsi behar du aurreko bi hiruhilekoetan diru sarrerak edo salmentak %75 murriztu dituela.

Langile autonomoak ardurapean dituztenek ere langabezia partziala eskatu ahal izango dute haientzat, lantaldearen %60 gutxienez geldirik badute edo lantalde osoarekin ari badira baina %60ko lanaldi murriztuarekin. Haiek ere frogatu beharko dute diru sarrerak bi hiruhilekotan %75 murriztu direla eta langileek SMI lanbide arteko gutxieneko soldataren azpitik kobratu dutela denbora horretan. Espainiako Gobernuak, halaber, aldi baterako enplegua erregulatzeko araudi berriari lotutako laguntza espezifikoak sortu ditu autonomoentzat, krisialdi ekonomikoetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.