ELAk bildutako datuen arabera, 2017an langabezia sariak ordaintzeko kotizazioek 1.192 milioi eurora iritsi ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gastuak, berriz, 660 milioi izan ziren. Hau da, 532 milioi euroren superabita izan zuen sistemak. Ez da lehen aldia: 2016an ere 419 milioiren superabita izan zuen.
Nafarroako datuak biltzerik ez du izan sindikatuak, baina pentsa daiteke egoera ez dela oso desberdina izango, Hego Euskal Herri osoan joera bera delako: langile gehiago daude (kotizatzaile gehiago), eta gero eta langabe gutxiagok jasotzen dituzte prestazioak. Azken datuek diote langabeen %22,4k soilik jasotzen dutela langabezia sari arrunta. Horiei subsidioa jasotzen duten %15,5 batu behar zaizkie. Hori horrela da langabe askok denbora luzea daramatelako lanik gabe eta dagoeneko agortu dituztelako langabezia sariak. Gainera, lan merkatu prekarioak esan nahi du langile askok ez dutela nahiko kotizazio aldi biltzen prestazioa jaso ahal izateko.
Ondorioz, 2012tik hona urtetik urtera jaisten ari da langabezia sarietan Espainiako Gobernuak Hegoaldean gastatutakoa: 1.705 milioi izan ziren 2012an, eta 834 milioi izan ziren iaz. ELAk salatu egin du kopuru hori jaistea sistemak superabita duen bitartean, uste baitu badagoela dirua langabeen estaldura hobetzeko.