Langabezia sariko iruzurgileen kopurua puztu du Espainiako Gobernuak

Soraya Saenz de Santamaria lehendakariordeak esan du 520.000 lagunek egin dutela iruzur, langabezia saria jasotzen dutenen %20.  Benetako kopurua hori baino askoz txikiagoa dela diote Enplegu Ministerioaren datu ofizialek.

Iker Aranburu.
2013ko urriaren 11
19:27
Entzun

Langabezia sarian gertatzen den iruzurrari buruzko zenbaki borobil zein tranpatia eman du Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko lehendakariordeak. Haren arabera, 520.000 iruzurgile atzeman dituzte azken urte eta erdian, eta horri esker 3.000 milioi berreskuratu dituzte. Hau da, sari hori jasotzen duen bost lagunetik bati kendu diotela saria (2,9 milioi jasotzaile zeuden abuztuan). Enplegu Ministerioaren datu ofizialek, baina, datu horiek gezurtatu egiten dituzte. Haien arabera, aurtengo lehen erdian 60.004 laguneri kendu zaie saria, «ez zeudelako lan egiteko prest, edo ez zituztelako hura jasotzeko edo mantentzeko baldintzak betetzen». Haien artean sei milara ez dira iristen benetako iruzurra egin zutenak, hau da, aldi berean lan egin eta saria jasotzen zutenak —9.452 izan ziren 2012. urte osoan—.

Iazko lehen erdian 52.269 laguneri kendu zietenez saria, 520.000 iruzurgileren ezinezko kopurura iristeko aldi baterako saria galdu dutenak batu ditu Saenz de Santamariak. Horrela, aurtengo lehen sei hilabeteetan 123.000 lagunek galdu dute prestazioren bat agiri guztiak ez emateagatik, hitzordu batera huts egiteagatik edo berritzea ahaztutzeagatik. Ministerioak ez du hori iruzurtzat jotzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.