Langabezia subsidioa 570 eurora igoko da Hego Euskal Herrian

Espainiako Lan Ministerioak eta Ekonomia Ministerioak akordio bat lortu dute. Kolektibo gehiagok jaso ahalko dute subsidioa, eta 180 egunez bateragarri izan ahalko da subsidioa jasotzea eta lan egitea.

YOLANDA DIAZ, NADIA CALVIÑO
Yolanda Diaz eta Nadia Calviño, Espainiako Senatuan. SERGIO PEREZ / EFE
Irune Lasa.
2023ko abenduaren 19a
11:00
Entzun

Azken asteetan, langabezia subsidioaren erreformak aurrez aurre izan ditu Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa eta Nadia Calviño Ekonomia ministroa. Azkenean, gaurko ministro kontseilua hastear zela lortu dute akordioa. Langabezia subsidioaren erreforma urtea amaitu aurretik onartu behar zuen Espainiako Gobernuak; bestela, Europako funtsetako 10.000 milioi euro galduko baitzituen.

Langabezia saria agortu duten langabeek edo hura jasotzeko nahikoa kontribuziorik egin ez duten langabeek jaso dezakete subsidioa, eta gehien-gehienak 52 urtetik gorako langileak dira.

Lan Ministerioaren arabera, akordioan zehaztu da subsidio hori 480 eurotik 570 eurora igoko dela jasotzen den lehen sei hilabeteetan; beste urte erdiz 540 eurokoa izango da, eta, hortik aurrera, hilean 480 euroko izango da berriz ere.

Diazek kopuru handiagoak nahi zituen: 660 euro lehen urte erdian eta 550 hurrengo sei hilabeteetan, eta, hortik aurrera, 480 euro. Subsidio gehienak 30 hilabete artekoak izaten dira.

Akordioak zabaldu egingo du subsidioa jaso dezaketen kolektiboen zerrenda. Hala, aurrerantzean, familia kargarik gabeko 45 urtetik beherako langabeek ere aukera izango dute subsidioa jasotzeko, langabezia saria agortu badute —orain arte 45 urtetik gorakoak soilik sartzen ziren familia kargarik gabeko kasuetan—. Nekazaritza alorrean behin-behinean aritzen diren langileek ere aukera izango dute nekazaritza errentaren subsidioa jasotzeko; orain arte erkidego gutxi batzuetan soilik ematen zen.

Subsidioa eta lana bateragarriak izatea ere arautuko da: 180 egunez izango dira bateragarriak gehienez.

Gaur egun, Hego Euskal Herrian 25.000tik gora langabek jasotzen dute langabezia subsidioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.