Seigarren urtez jarraian, jaitsi egin da langabe kopurua Euskal Herrian. INEren eta INSEEren datuak bilduta, Gaindegiak azaldu du 2019ko azken hiruhilekoan 132.400 lagun zeudela lanik gabe Euskal Herrian, urtebete lehenago baino 9.300 gutxiago. Biztanleria aktiboaren %8,86 daude langabezian, tasarik txikiena 2009. urteaz geroztik. Edonola ere, oraindik urrun daude krisi aurreko kopuruak —%6ko tasa 2007an, eta %6,6koa 2008an—.
Langabezia tasak 2013an jo zuen goia, %16,3ra iritsi baitzen urteko batezbestekoan, eta jaitsi egin da orduz geroztik. 2019an, batez beste, %8,77 izan dira lanik gabe, 2018an baino puntu bat gutxiago.
Lurraldez lurralde, alde handiak daude. Gaindegiak kalkulatu duenez, Zuberoak (%4,09) eta Nafarroa Behereak (%4,19) izan zuten langabe gutxien 2019an. Haien ondotik doaz Gipuzkoa (%7,22), Lapurdi (%7,80), Nafarroa (%8,24) eta Araba (%8,28). Bizkaiak eman ditu berriz ere daturik txarrenak (%10,61), nahiz eta lurralde horretan jaitsiera handia izan den, puntu bat baino gehiago.
Aurrekoaren zuzenketa
2019ko azken hiruhilekoa ez da bereziki ona izan lan merkatuarentzat, batez ere Ipar Euskal Herrian (+1.100). Hegoaldeko datuetan gorabehera oso handiak daude, baina 2019ko hirugarren hiruhilekoan jasotako datu bitxiek azaltzen dute gertakari hura. Izan ere, INEk sekulako gorakada izan zuen Araban (%25ekoa), eta jaitsiera handia Gipuzkoan; 2019ko azken hiruhileko inkestak, berriz, orduko datuak zuzendu ditu, eta bilakaera normalagoa erakusten dute orain.
Sei urtean langabezia 7,5 puntu jaitsi arren, Euskal Herriko langabezia tasa Europako Batasuneko batezbestekoaren oso gainetik dago (%6,3). Are gehiago, lurralde independente bat izango balitz, EBko kideen artean langabezia tasarik handienetan laugarrena izango luke. Haren gainetik, soilik hauek daude: Grezia (%16,3), Espainia (%13,8) eta Italia (%10,1). Frantzia ere ez luke urrun izango, %8,7ko langabezia tasa baitu. Langabe gutxien, berriz, Txekiar Errepublikan (%2,2), Alemanian (%3,1) eta Polonian (%3,3) daude.
Okupazioa, gora
Langabezia jaitsi den baino gutxiago igo da langile kopurua. INEren arabera, 2019. urtearen azken hiruhilekoan 1.221.000 okupatu zeuden Hego Euskal Herrian, urtebete lehenago baino 5.600 gehiago.
ELA ez da gustura azaldu datu horrekin: «Ehunekoetan, %0,46ko hazkundea izan da, 2013tik izandako txikiena. Krisiaren aurreko mailara iristeko, 85.800 okupatu gehiago beharko lirateke. Gainera, enpleguaren igoera txikia lanaldi partzialeko kontratuen gorakadaren ondorio da (+10.000); izan ere, lanaldi osoan lan egiten dutenen kopurua murriztu egin da 2019an (-4.400)».
Bide horretatik etorri da LABen kritika ere. Gogorarazi duenez, aldi baterako kontratua dute langileen %24,6k. «Europako Batasunean estatu bakarra dago aldi-baterakotasun handiagoa duena: Espainiako Estatua (%26,1)». Sindikatu horrek uste duenez, «orokortua eta justifikatu gabea» da «kontratazio prekarioa», sektore pribatuan zein publikoan.
Edonola ere, INEren okupatuen datua ez dator bat langile kopurua neurtzen duten beste estatistika batzuekin. Horrela, joan den astean, Eustatek azaldu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 8.400 enplegu sortu zirela aurreko urtean; INEk 2.700 gehiago baizik ez ditu zenbatu hiru lurralde horietan.
Gizarte Segurantzak, berriz, ziurtatu du afiliatu kopurua 25.700 lagun handitu dela 2018ko abendutik 2019kora.