Langabeziak azken bi urteetako jaitsierarik handiena izan du apirilean

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoek martxoan baino 5.206 langabe gutxiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian. Uda arte langabeziak atzera egingo duela espero du Eusko Jaurlaritzak

Ivan Santamaria.
2010eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
2007eko maiatzetik ez zuen langabeziak halako jaitsierarik hilabete bakar batean. Martxoarekin alderatuz, apirilean 5.206 langabe gutxiago zeuden erroldaturik Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren bulegoetan. Ehunekoari erreparatuz gero, %2,8 murriztu da beharrik ez dutenen kopurua.

Urte hasieran hilabetero izandako igoerekin hautsi du apirileko datuak. Urtarrila eta martxoa bitartean, hain zuzen ere, 13.000 langabe gehiago zenbatu zituzten enplegu zerbitzuek Hegoaldean. Langabezia hilabete batetik bestera jaitsi zen azkenekoz iazko maiatzean, neurri handi batean administrazio publikoek ekonomia suspertzeko eman zituzten laguntzei esker. Krisiaren aurretik ere, apirila urte ona izan ohi zen enplegua sortu eta langabezia murrizteko.

Aspaldiko partez, herrialde guztietan egin zuen atzera langabeziak. Hala ere, ñabardurak badira. Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan %3 baino gehiago murriztu zen langabe kopurua. Araban, berriz, %1 inguru izan zen soilik. Oraindik ere 176.000 pertsona baino gehiago ari dira lan bila, populazio aktiboaren %13 baino pixkabat gehiago.

Erorketaren parterik handiena gizonen artean gertatu zen. Horri esker, ia parez pare daude gizon eta emakume langabeen kopuruak. Krisiaren lehen hilabeteek gizonen enplegua suntsitu zuten, batez ere, baina orekatzen ari dira zenbaki globalak. Orain dela urtebete baino 8.200 gizon gehiago daude langabezian, eta 7.900 emakume. Haatik, langabezia tasa oraindik ere ia hiru puntu handiagoa da emakumeen artean(%14,6), aktiboak 140.000 gutxiago baitira.

Industrian, daturik onenak

Sektoreen azterketak datu esanguratsuak adierazten ditu. Hala, industriak orain dela urtebete zuen langabe kopuruaren azpitik dago honezkero, eta 2009ko apirilean zuen datua hobetzen duen jarduera bakarra da. Aurreko hilabetearekin alderatuz gero, sektore guztietan zeuden langabe gutxiago, aldez aurretik lanik ez zutenen atala alde batera utzita.

Apirilean izan den jaitsieran, berriz, hirugarren sektorekoak ziren gehienak. Zerbitzuek, hala ere, orain dela urtebete baino 11.000 langabe gehiago dituzte.

Langabezia murriztu bada ere, martxoan baino 6.300 kontratu gutxiago sinatu ziren. Kontratu mugagabeek egin zuten atzera, batez ere. Aurreko hilabetean baino %24 gutxiago izan ziren, eta sinatu ziren guztietatik %7 soilik izan ziren. Apirila arte iaz baino kontratu gehiago sinatu dira aurten (17.000 gehiago), baina %10 erori dira kontratazio finkoak.

Halaber, langabeziaren jaitsierak ez du afiliazioen susperraldi handirik eragin. Orotara, aurreko hilabetean baino 860 afiliatu gehiago zenbatu zituen Gizarte Segurantzak Hegoaldean. Araban eta Nafarroan oso gutxi igo da, eta Bizkaian eta Gipuzkoan atzera egin du.

Hamar langabetik zazpik laguntzaren bat jasotzen du, martxoko datuaren arabera. Kotizazioari lotutako ordaina jasotzen dutenen kopuru globala -75.000 pertsona- iazko mailan dago, baina subsidioari heldu behar izan dioten pertsonak 20.000 gehiago dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan honezkero langabeen heren batek urtebete baino gehiago darama beharrik gabe. Laguntzetan 146 milioi euro gastatu dira martxoan, iazko hilabete berean baino %10 gehiago, langabeziaren igoeraren pare.

«Joera aldaketa»

Eusko Jaurlaritzak «joera aldaketa esanguratsua» sumatu du apirileko datuetan, eta uda arte langabeziak atzera egiten jarraituko duela espero du Javier Ruiz Enplegu sailburuordeak. Sindikatuak zuhurrago dira, ordea.CCOOren eta LABen ustez, elementu «kezkagarriak» daude, eta UGTk aldi baterako kontratazioan oinarritutako susperraldia ezinezkoa dela ohartarazi du. Confebask patronalak, berriz, ontzat jo du datua, baina susperraldia motela izango dela nabarmendu du.

Zenbakia

%1,3

Produkzioa, gora. Otsailarekin alderatuz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industria produkzioa %1,3 handitu zen martxoan, Eustaten arabera. Iazko hilabete berarekin alderatuz, %1,9 izan da hazkundea.

Altsasuko Gamesako langileak, itxaropentsu erabakiaren zain

Azken hitza Espainiako Lan Ministerioak du: bihar arteko epea du Gamesak Altsasuko lantokian 150 lanpostu kentzeko asmoz aurkeztu duen enpleguaren erregulazio eskaerari buruz erabakitzeko. Azkenean, Nafarroako Gobernuak eta Lan Ikuskaritzak igorritako txostenei jaramon egin, eta ministerioak eskaera atzera botako duen itxaropenari eusten diote langileek. Erabakiaren zain, mobilizazioekin jarraitzen dute Gamesakoek. Atzo, euren egoera salatzeko via crucis eolikoa antzeztu zuten Iruñeko kaleetan. Erakunde publikoetan idazkia utzi zuten, bakoitzari arduraz jokatzeko eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.