Aurreko hilabetearekin alderatuz, %3 murriztu da Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoen bulegoetan erroldaturik dauden langabeen kopurua. Guztira, 171.000 lagun daude beharrik gabe Hego Euskal Herrian, populazio aktiboaren %12,7.
Urteko lehen hiruhilekoan langabeziak izan zuen igoera nabarmenari presio apur bat kendu diote apirileko eta maiatzeko emaitzek. Abenduarekin alderatuz gero, langabe kopurua soilik %1,5 handiagoa da orain. Martxoan hazkunde hori %7,7ra iritsi zen, eta langabeak, 181.000 baino gehiago ziren.
Udaren bultzada hori aitortzen du Lan Ministerioak berak. Hala, sasoiko ezaugarriak alde batera utzita, maiatzean langabezia %1,25 igo da Espainian, apirilekoarekin alderatuz.
Herrialde guztietan zenbatu dituzte enplegu zerbitzuek langabe gutxiago, baina ez proportzio berean. Bizkaian eta Gipuzkoan jaitsiera gehiago nabaritu da, eta arinagoa izan da Araban eta Nafarroan. Tasarik txikiena Gipuzkoak du (%11,1), eta handiena, Nafarroak (%13,6).
Sektoreen artetik, industriak ditu emaitzarik esanguratsuenak. Dagoeneko, joan den urteko maiatzean zuen langabe kopuruaren azpitik dago bigarren sektorea. Aurreko hilabetetik jaitsierarik handiena izan duen jarduera da, gainera, %4,3 gutxitu baitira langabeak.
Maiatzean sortutako enplegu gehiena, %65 inguru, gizonek eraman zuten. Langabe kopuruari dagokionez gizonen eta emakumeen kopuruen artean egondako hurbilketa apurtu du maiatzeko emaitzak. Tasan alde hori nabarmenagoa da: emakumeen langabezia (%14,3) gizonena baino hiru puntu handiagoa da.
Era berean, kontratazioa suspertu da maiatzean. Aurreko hilabetean baino 10.000 kontratu gehiago sinatu ziren, hain zuzen ere. Hori bai, kontratu horieta- tik %93 aldi baterakoak izan ziren. Urteko lehen bost hilabeteetan kontratazioa %28 handitu da, joan den urtearekin alderatuz.
Akordioa egin zein ez, heldu den ekainaren 16an Espainiako Gobernuak lan merkatuaren erreforma onartuko duela aurreratu zuen atzo Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak. Bi aste dituzte CEOE patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek akordio bat lortzeko, hortaz.
Hurbil dagoen moldaketa hori hizpide izan zuten eragile ugarik langabeziaren datuak interpretatzeko tenorean. Confebask patronalaren aburuz, erreformari «ausarki» heltzeko unea da, langabeziaren jaitsiera erritmoa ahulegia delako.
Sindikatuetan ikuspuntua bestelakoa da. LABen irudiko, aldi baterako kontratazioa gogortzeko argudioak ematen ditu lan merkatuaren susperraldi hasi berriak. Aldi baterako kontratuen nagusitasuna kritikatu du sindikatu abertzaleak, hobekuntza ekonomikoak lanpostu prekarioak handituko dituelako.
ELAk, berriz, defizita murrizteko asmoz gobernuek hartu dituzten neurrien ondorioz lanpostuak galduko direla ohartarazi du.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak, Gemma Zabaletak, maiatzeko datuak «zuhurtziaz» hartu behar direla uste du.