Abuztuan hasitako bidetik jarraitu eta berriro gora egin zuen langabe kopuruak urrian. Guztira, 174.381 langabe erroldaturik zeuden Enplegu Zerbitzu Publikoen bulegoetan, aurreko hilabetean baino ia 2.500 gehiago. Oro har, urria ez da sekula izan enplegua sortzeko hilabete egokia, baina hazkundea joan den urteko hilabete berekoa baino txikiagoa izan zen. Hala ere, joera da kezkagarriena: uztailean baino 7.600 langabe gehiago zenbatu ziren joan den hilabetean.
Urteko azken txanpan enplegu garbia sortzeko itxaropena zapuzten ari dira datuak. Duela urtebete baino 10.000 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian. Hala ere, krisiaren benetako neurria orain dela bi urteko egoerak ematen du: krisia lehertu zenean baino 60.000 lagun gehiagok segitzen dute lanpostu bat aurkitu ezinik. Populazio aktiboaren %12k ez du lanik aurkitzen.
Herrialde guztietan handitu zen urrian langabe kopurua, eta guztietan %10etik gora jarraitzen du tasak, baina aldeak badira. Araban, Bizkaian eta Nafarroan %13 baino handiagoa da langabezia tasa. Gipuzkoan, berriz, %11,6 da, beste herrialdeetan baino nabarmen txikiagoa.
Sexuen araberako banaketari dagokionez, aurreko hilabeteetako joera apurtu zen. Joan den hilabetean lan eske erroldatu ziren pertsona gehienak - ia hamarretik sei - gizonak izan ziren. Kopuru orokorretan, ordea, emakume gehiago daude beharrik gabe, eta tartea handitzen ari da. 2010. urtea hasi zenetik, emakume langabeen kopurua %8 handitu da. Tarte berean, lanik gabeko gizonak %1,6 gutxiago dira. Emakumeen langabezia tasa -%14,7- gizonena baino 3,4 puntu handiagoa da.
Industria, hobeto
Sektore guztietan handitu zen langabezia joan den hilabetean. Haatik, igoera oso arina izan zen industrian eta eraikuntzan. Langabe berrietatik hiru laurden hirugarren sektoretik iritsi ziren enplegu zerbitzuetara. Urtea hasi zenetik %7,5 handitu da sektore horretako langabe kopurua, ia 8.000 lagun gehiago. Tarte berean, langabeziak atzera egin du industrian -%10 jaitsi da- nahiz eraikuntzan -%7,2ko murrizketa-. Nekazaritzan eta aurretik enplegurik ez zutenen atalean igo da langabezia, halaber.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langabeziaren izaerari buruzko datu interesgarri bat eman zuen Lan Sailak. Horren arabera, langabeen erdia lau sektoretan biltzen da: industria, eraikuntza, merkataritza eta ostalaritza.
Kontratazio mugagabea bultzatu gabe segitzen du lan merkatuaren erreformak. Aurreko hilabetean baino are kontratu mugagabe gutxiago sinatu ziren. Kontratu guztietatik %6,6 baino ez ziren mugagabeak izan. Espainiako Gobernuak bultzatu nahi zuen kontratu eredutik 889 sinatu ziren -%1 baino gutxiago, guztiak hartuta-.
Afiliazioa gora
Enplegu zerbitzuen datu eskasak arintzeko, Gizarte Segurantzaren afiliazioa nabarmendu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Confebask patronalak. Irailarekin alderatuz, 7.310 afiliatu gehiago egon ziren urrian Hego Euskal Herrian. Iaz baino 6.500 gutxiago dira oraindik, baina urtea amaitu aurretik afiliatuak gehitzea posible dela uste du Jaurlaritzak.
Kritikak sindikatuetatik iritsi ziren. ELAren aburuz, ekonomiaren susperraldiak ez duela langabezia jaisteko balio argi geratu da. ELAk eta LABek ohartarazi dute, gainera, ordainen bat jasotzen duten langabeak gero eta gutxiago direla. Lan erreformak ez duela enplegu egonkorra sortuko salatu du CCOOk, halaber.
Langabeziak gora egin du berriro urrian, hirugarren hilabetez jarraian
Urrian 174.381 langabe zenbatu dituzte enplegu zerbitzuek Hego Euskal Herrian, irailean baino ia 2.500 gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu