Lan merkatua. Datuak eta erreformak

Langabeziaren beste marka bat

Hirugarren hilean gora egin ondoren, Euskal Herri osoan ia 218.000 langabe daude, biztanle aktiboen %14,9

Iker Aranburu.
2012ko urriaren 27a
00:00
Entzun
INEren biztanleria aktiboaren inkestak emaitza txarrak eta marka negatibo berriak ematen jarraitzen du. 2013. urteko hirugarren hiruhilekoan pixka bat handitu da langabe kopurua —1.800 gehiago daude—, baina enpleguaren galera nabarmena erakusten dute okupazioaren datuek: 22.000 lagunek gutxiagok dute lana. Iaztik hona 81.400 lanpostu galdu dira.

Aktiboak ere urrituz doaz nabarmen: urteko bigarren hiruhilekoan baino 20.000 gutxiago daude orain, eta duela urtebete baino 43.000 gutxiago. «Etsipenaren langabezia», LABen hitzetan, enplegu bat aurkitzeko ezintasunak milaka lagunek lana bilatzeari utzi diotela erakusten duena.

Ohikoa duenez, INEren inkestak ez du bat egin joan den astean Eustatek kaleratu zuenarekin. EAEko estatistika zerbitzuaren arabera, langabezia jaitsi egin zen uztailetik irailera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (2.400 gutxiago). INEk, berriz, 6.600 langabe gehiago zenbatu ditu hiru lurralde horietan, eta 4.800 gutxiago Nafarroan.

Iaztik hona 38.600 langabe gehiago daudela INEk. Guztira 203.900 dira, duela urtebete baino ia %25 gehiago. Langabezia tasa %15,35 da. Hortik gora dago Bizkaian (%17,44), eta hortik behera Nafarroan (%14,95), Araban (%14,08) eta Gipuzkoan (%12,80).

INEren zenbakiei INSEEk bildutakoak batuz gero, Euskal Herri osoan 217.892 langabe leudeke, Gaindegiaren arabera. Langabezia tasa %14,9 izango litzateke (%12,3 Eustatekin). Irlandaren (%15) eta Kroaziaren (%14,9) mailan egongo litzateke Euskal Herria, eta Europako Batasuneko lau kide baizik ez lituzke nabarmen gainetik izango: Grezia (%25,1), Espainia %25 (Hego Euskal Herria barne), Letonia (%15,9) eta Portugal (%15,8). Europan baino bizkorrago hazi da langabezia hemen: 1,5 puntu EBn eta 3,9 puntu Euskal Herrian.

Lautik bat lanik gabe

Euskal Herriko langabeziaren datuak txiki uzten dituzte Espainiakoek. Historia garaikidean lehen aldiz, lautik bat baino gehiago lanik gabe daude. 5.778.000 dira, urteko bigarren hiruhilekoan baino 85.000 gehiago. Enplegu publikoaren gutxitzeari zor zaio hein handi batean hazkundea, sektore pribatuak, udako kontratuei esker, eutsi diolako. Langabezia tasa handiena dute Ceutak (%41,03), Andaluziak (%35,42), Kanaria uharteek (%33,63) eta Extremadurak (%32,66).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.