Langabeziaren igoera moteldu da, baina enpleguaren galera ez

Eustaten arabera, langabezia tasa soilik %0,1 handitu zen martxotik ekainera Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2009ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Langabeziaren presioa arindu da azken hilabeteetan. INEMen erroldatuta dauden pertsonen kopuruak bi hilabetez atzera egin eta gero, Eustatek urteko bigarren hiruhilekoan langabezia tasa soilik %0,1 igo dela jakinarazi zuen atzo. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan joan den urteko ekainean baino 44.500 langabe gehiago daude, baina martxotik zerrenda horrek soilik 700 pertsona gehiago bildu ditu.

Bigarren hiruhilekoan, hortaz, beharrik gabe 80.700 pertsona daudela argitaratu du Eustatek. Portzentajean, biztanleria aktiboaren %7,8 da. Urtearen joanean langabeziak %10 gaindituko duela aitortu du Eusko Jaurlaritzak bere aurreikuspen ekonomikoetan. Horren ondorioz, 27.000 eta 30.000 lanpostu bitartean galduko direla kalkulatu du.

Beste azterketa batzuk ezkorragoak dira. Euskadiko Kutxak, esaterako, tasa hori aurten %11,8 izango dela ohartarazi du asteon. Confebask enpresaburu elkarteak aurten 45.000 langabe gehiago egongo direla eta 40.000 enplegu galduko direla ziurtatu du, halaber.

Daturik onena Gipuzkoak du. Iazko ekainetik lehen aldiz, langabe kopuruak atzera egin du, eta herrialdean 2.600 gutxiago dira, aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero. Langabezia tasa Gipuzkoan % 5,8 da. Bizkaian, berriz, %8,5era igo da, martxotik aurrera beste 3.100 lagun lanik gabe geratu ondotik. Araban, azkenik, tasa %9,6 da.

Eustatek kaleratu dituen zenbakietan langabeziaren kopuruak hazkundea izan badu ere, oso apala izan da, eta bat dator INEMek aurreratu zuen joerarekin. Apirilean goia jo ondotik- 160.000 langabe hegoaldean - kopurua jaitsi zen maiatzean eta ekainean. Hala ere, jaitsierak udako lanpostuen ondorio izan direla ohartarazi zuten sindikatu gehienek. Halaber, behin-behineko erregulazioen eragina ezin da alde batera utzi: langabezia saria kobratu arren, estatistiketan agertzen ez diren 40.000 lagun baino gehiago dira Hegoaldean.

Gazteen langabezia da oraindik ere arazo larriena, 16 eta 24 urte arteko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %20 baino gehiago beharrik gabe daudelako.

Okupazioa, berriro behera

Langabeziaren hazkundea gelditzea lortu bada ere, ez da gauza bera gertatu okupazioaren murrizketarekin. Hots, gero eta gutxiago dira lanean ari diren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrak. Krisia eta guzti, iazko iraila arte okupatuen kopurua handitzea lortu zen, 992.000 izan arte. Haatik, aurten 28.000 lanpostu galdu dira dagoeneko. Azken hiruhilekoan, hain zuzen ere, 7.100 okupatu gutxiago daudela zehaztu du Eustatek.

Bizkaian eta Gipuzkoan 6.500 eta 1.000 lanpostu garbi galdu ziren martxotik ekainera. Araban, berriz, 500 enplegu gehiago zenbatu ziren. Galdutako enplegu gehienak, ia hiru laurden, gizonezkoenak ziren.

Sektorez sektore ezberdintasun esanguratsuak daude. Industriaren enplegu galera handiak aurrera jarraitzen du, eta aurten dagoeneko 21.000 lanpostu baino gehiago galdu dira. Eraikuntzak, aldiz, krisiaren kolpea apur bat gainditzea lortu du, eta aurreko hiruhilekoan 6.300 lanpostu garbi gehitzea lortu zuen, urte hasieran galdutakoak baino 800 gehiago. Nekazaritzak ere 1.400 lanpostu garbi gehiago izan zituen martxotik ekainera, eta zerbitzuek 5.000 gutxiago.

Aldi baterako langileek zuten pisua jaitsi da enpleguen galeraren ondorioz. Hala, orain dela urtebete soldatapekoen %20tik gora izatetik %18ra jaitsi da horien portzentajea. Bi puntu horiek kontratu mugagabea dutenek irabazi dituzte. Azken hiruhilekoan, hain zuzen ere, 8.700 lagun gehiago finkoak izan ziren. Aldi baterakoen zerrendan, berriz, 11.000 gutxiago izan ziren. Iazko irailetik aldi baterako 27.000 enplegu desagertu dira.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 24.200 familietan senide aktibo guztiak langabezian daude. Guztietatik %2,9 dira. Beste %31,8 familiatan ez dago aktiborik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.