Maiatzeko ekaitzaren ondoren etorri da barea. Hilabete historikoa izan zen aurrekoa, ekonomiaren susperraldiaren eskutik langabezia gutxitan bezala jaitsi baitzen (-7.549) eta asko handitu, berriz, Gizarte Segurantzan kotizatzen duten langileen kopurua (+8.200). Jarduera ekonomikoaren goranzko bidea jarraitzen badu ere, ekainean lan merkatuak ez du maiatzeko erritmoa jarraitu. Ezin da esan, ordea, txarra izan denik: maiatzean baino 2.553 langabe gutxiago daude, eta 4.023 langile gehiago. Pandemiaren aurreko urteetako ekainekin alderatuz gero, langabezia batezbestekotik behera gutxitu da aurtengo ekainean, baina batezbestekotik gora handitu dira afiliazioak.
Bada suspertzeak jarraitzen duela erakusten duen beste datu bat ere: maiatzean baino 7.000 langile gutxiago daude aldi baterako enplegu erregulazioan (ABEE). Ifrentzuak ere badaude, eta haien artean egin diren kontratu gehien-gehienak aldi baterakoak direla, udako kanpainei begirakoak.
ELAk aukera baliatu du 2012ko eta 2013ko lan erreformak bertan behera uzteko eskaera berresteko, «soldaten debaluazioa eat prekaritatea baizik ez dietelako ekarri langileei».
LABek, bere aldetik, nabarmendu du hiru langabetik bik ez dutela inolako saririk. «Estatuko babes-sistemak ematen duen estaldura-maila hain txikia izatearen arrazoien artean ditugu sistemaren ahulezia bera eta gurea bezalako lan merkatu prekarioaren errealitatera egokitzeko ezintasuna».
UGTk ere lan erreforma baliogabetzeko eskatu du, eta enplegu politika aktiboak eskatu ditu kontratuen behin-behinekotasuna txikitzeko. Izan ere, martxoan eta apirilean kontratu mugagabeek izan zuten gorakadaren ondoren —ehunka kontratu iruzurti mugagabe egitera behartu zituzten ikuskatzaileek—, berriro %93ra igo da kontratu berrien behin-behinekotasun tasa.
Langabezia: emakumeak, okerrago
Lurraldeen arteko bilakaera oso desberdinak markatu du langabezia. Asko jaitsi da Nafarroan, hilabete bakarrean Nafar Lansareren bulegoetan langabe gisa erregistratutako ia %6k egoera hori utzi baitute (-2.294). Baina beste lurraldeetan ez da halako jaitsierarik ikusi. Murrizketa apalak izan dira Araban (-332, edo -%1,61) eta Gipuzkoan (-298, edo -%0,81), eta gorakada txikia Bizkaian (+371, +%0,53).
Maiatzean ere Nafarroa izan zen murrizketarik handiena izan zuena (-3.185), baina kontuan hartu behar da lurralde horretan utzi dituela pandemiak zenbaki okerrenak, alde handiz gainera. Horrela, Nafarroak ekainera arte ez du lortu urte arteko tasa negatiboetara itzultzea (-2.577), eta egoera horretan daude aspaldi beste hiru lurraldeak, murrizketa handiagoekin gainera: -11.174 Bizkaian, -6.855 Gipuzkoan, eta -4.060 Araban.
Sexu aldetik ere alde handia izan da, eta emakumeen kalterako, gainera. Haien artean ez da langabe kopurua murriztu eta %14,3 daude lanik gabe, maiatzean bezainbeste. Langabeen %56,7 ziren emakumeak maiatzean, eta jada %57,5 ekainean.
Sektoreei erreparatuz, uda hasierak ohiko jaitsiera ekarri du zerbitzu sektorean langabezian daudenen artean (-1.693). Esanguratsua da industrian ere langabeen kopurua behera doala, urratsez urrats (-457).
Enplegu erregulazioak: laurden bat atera dira
Aldi baterako enplegu erregulazioan dauden langileen kopuruak koska pare bat egin ditu behera ekainean: hilar
en amaieran 21.986 ziren, hilabete lehenago baino 7.009 gutxiago. Kopururik txikiena da iazko martxoan enpresek prozedura horiek masiboki erabiltzen hasi zirenetik langileak kaleratu gabe lan kostuak txikitzeko. Aurreko hilean bezala, %39k ABEE partzial batean daude, eta %61 osoan.
Afiliazioak: galdutakoa berreskuratuta
Bosgarren hilabetez jarraian hazi da Gizarte Segurantzan izena emanda izan eta, hortaz, lege barruan lanean daudenen kopurua. Jada 1,259.156 dira, kopururik handiena iazko martxotik, eta itxialdiaren aurreko kopuruetatik oso gertu (-2.812). Berez, Espainiako Gobernuak ematen dituen datuak hilabeteko batezbestekoak direnez, esan daiteke konfinamendu aurreko mailara iritsi direla enplegatuak. Datu hori nabarmendu du, bere aldetik, Confebaskek.