Lan istripua

Langile bat erorita hil da, Gueñesen

Argindar sarea mantentzeko lanetan ari zen, azpikontratatuta. ELAren eta LABen arabera, hamasei dira aurten lanean hildakoak.

Iker Aranburu.
2015eko maiatzaren 25a
15:23
Entzun

Goi tentsioko linea batean lanean ari zen behargin bat hil zen atzo goizean Gueñesen (Bizkaia), oso goitik erorita. Red Electrica Españolak jakinarazi duenez, txoriek argindar kablea ez jotzeko tramankuluak jartzen ari zen langilea dorre batean, gurdi saskidun baten gainean. Oraindik argitu ez dituzten arrazoiak direla eta, gurdiak kablean behera egin zuen, eta langilea bota. Larrialdi zerbitzuak iritsi zirenerako hilik zegoen behargina. 35 urte zituen, eta Cobrarentzat lan egiten zuen. Enpresa hori azpikontratatua du sare elektrikoaren jabeak, mantentze lanetarako. Cobrak, Red Electricak eta Osalanakek ikerketak zabaldu dituzte.

Azken hilabeteotan antzeko bi istripu izan dira Euskal Herrian. Maiatzaren 11n antzeko lan ezbehar bat izan zen, Funesen (Nafarroa). Garabi batean igota beharrean zebiltzan bi gizonezko 50 metro ingurutik erori ziren lurrera, eta berehala hil ziren. Funesko Ultracongelados Virtorentzako planta berri bat eraikitzeko lanetan zebiltzan, baina Valentziako Develood enpresako langileak ziren, azpikontratatuak.

Nafarroan ere, apirilaren 19an, 59 urteko langile bat hil zen Berriobeitiko Tecnica Industrial en Decoracion TID enpresan, oso gora igota zebiltzala erorita.

Maiatzean gutxienez beste pertsona bat hil da lanean izandako istripu baten ondorioz. Ezbeharra apirilaren 23an gertatu zen, Zestoako GI-632 errepidean: hondakinak jaso eta garraiatzeko ibilgailu baten gidariak istripu bat izan zuen, eta handik hamar egunera hil zen. Traeco Medioambiental S.L.U. enpresan egiten zuen lan, eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) kontratatutakoa zen.

Urtea hasi denetik gutxienez hamasei pertsona hil dira beharrean Euskal Herrian, ELAk eta LABek atzo zabaldutako informazioen arabera. Bi sindikatu horiek, Steilasekin, EHNErekin eta Hirurekin batera, kontzentrazio batera deitu dute gaur, 12:30ean, Sodupeko plazan. Horren bidez, elkartasuna eta babesa erakutsi nahi diete hildakoaren senideei eta gertukoei, eta «kezka eta haserrea» adierazi lan istripuen ugaritasunagatik. «Istripu honek erakusten digu ez direla hartzen lan eta segurtasun baldintzak bermatzeko neurriak», salatu du ELAk. «Prekaritatea, lan baldintzak okertzea, azpikontratazio kateak eta segurtasun neurrietan ez inbertitzea ez dira aintzat hartzen, nahiz eta istripuen eta laneko gaixotasunen iturri diren».

Istripu gehiago

LABek gogorarazi du sei minututik behin lan istripu bat gertatzen dela, eta ukatu egin du arlo horretan hobekuntza izan dela: «Hilen kopuruak behera egin badu ere, ez da lan baldintzek eta osasunak hobera egin dutelako, jende gutxiagok lan egiten duelako baizik». CCOOk ere salatu nahi du istripua, baina Confebasken egoitzaren aurrean biltzea hobetsi du.

Osalanen arabera, urteko lehen lau hilotan gaixoaldia eragin duten 10.195 lan ezbehar gertatu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; iaz baino %2,4 gehiago.

Atzo beste bi istripuren berri izan zen. Pasaiako Zamakona ontziolan langile bati, erori, eta zangoa zauritu zitzaion. Gasteizen, etxe bateko galdara batek su hartu zuen, Giroa enpresako bi behargin mantentze lanean ari zirela. Erredura arinak jasan dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.