55 urteko langile bat zendu zen atzo arratsaldean Arrasaten (Gipuzkoa), AHT abiadura handiko trena eraikitzeko lanetan. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, hormigoi pieza bat gainera erori zitzaion, argitu gabe dauden arrazoiengatik, eta bertan hil zen. 15:45 aldera gertatu zen ezbeharra, Gesalibar auzoan, Atxetarri tunelaren iparraldeko ahoan. Gizonezkoa da hildakoa, A. A. R., eta Tierra Armada enpresakoa zen.
AHTaren lanak Sacyr eta Amenabar enpresen esku daude Aramaio eta Arrasate batzen dituen zatiaren inguru horretan. Enpresok gertatutakoa gaitzetsi dute ohar bidez, eta «berehala» ikerketa bat hasteko eskatu dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bere «samina eta elkartasuna» adierazi die senide eta lagunei. «Lan osasunari lehentasuna emango dion» eredu berri bat aldarrikatu du, eta ezinbestekotzat jo ditu «prebentzioa, prestakuntza eta lan segurtasun eta osasunaren aurkako delituen jazarpena».
Sei hildako, lau urtean
AHTa eraikitzeko obretan gutxienez sei lagun hil dira azken lau urtetan, eta beste zenbait zauritu dira. AHT Gelditu Elkarlana taldeak salatu du «publiko egin ez dituzten istripuak» ere izan direla. Taldearen arabera, AHTa «lanpostu eta aberastasun iturri» bezala saldu arren, «esplotazioaren antzekoa den lan prekario bat» besterik ez da.
Iazko irailean Tolosako Aldaba Txiki auzoan (Gipuzkoa) izan zen azken ezbeharra. Argitu gabeko arrazoiengatik, kamioi bat bidetik irten, eta gidaria hil egin zen. Iazko martxoaren hasieran beste langile bat zendu zen, Antzuolan (Gipuzkoa). Kamioi bat gidatzen ari zen langilea bihotzekoak jota hil zen.
2010ean bi langile hil ziren. Abenduaren 9an behargin bat hil zen eta hiru zauritu ziren Eskoriatzan (Gipuzkoa), leherketak egiteko erabiltzen duten materialak ustekabean eztanda egin ostean. Urte berean, abuztuaren 11n, 49 urteko A. D. S. M. langile portugesa hil zen Duran (Araba). Osalanek atera zuen txostenaren arabera, elektrokutatuta zendu zen, garabi batek nahi gabe sare elektrikoa jo ondoren.
2008ko uztailean Luku (Araba) herriaren ondoko lanetan 51 urteko langile errumaniar bat hil zen, egitura metalikoaren zati batek azpian harrapatuta.
Langile bat hil da Arrasaten, AHTko lanetako seigarrena
Hormigoi pieza bat gainera erorita zendu da Gesalibar auzoan; 55 urteko gizonezkoa da hildakoa: A. A. R.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu