Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, 12:50ean jaso dute deia; lantegira joan dira larrialdi zerbitzuak, baina ezin izan dute ezer egin. Azpeitiko (Gipuzkoa) Glual Energy enpresan lanean ari zen gizonezkoa hil egin da.
Ertzaintzak ez du jakinarazi nola gertatu den, baina BERRIAk jakin duenez, ate batek harrapatuta hil da.
Azpeitiko Udaleko ordezkariak lantegian izan dira gertatutakoaren berri bertatik bertara izateko. Gipuzkoako Diputazioak istripua salatu du, eta doluminak eman dizkie hildakoaren senitarteko eta lagunei.
Langilea hil da gaur Azpeitian, 50 urteko gizonezkoa. Doluminak haren senide eta lagunei.
— Gipuzkoako Aldundia (@OrainGipuzkoa) 2017(e)ko abuztuak 25
Industriarako sistema hidraulikoak egiten ditu Glual Energyk. Hiru lantegi ditu Azpeitian; Espainian ere baditu, baita AEBetan, Txinan, Indian eta Brasilen ere.