Igualatorio Mediko Kirurgikoa (IMQ) eraikitzeko lanetan ari zela, istripua izan eta langile bat hil zen atzo Bilbon. Ertzaintzak jakitera eman duenez, 16:20 inguruan gertatu zen ezbeharra. Lehen hipotesien arabera, garabi batetik zintzilik zegoen karga erori zitzaion gainera, hamabost metrotik; lauzaz betetako palet bat zen, hain zuzen. 45 urteko gizon bat da hildakoa. Burgoskoa (Espainia) zen sortzez, baina Bilbon bizi zen.
Deustu auzoan gertatu zen ezbeharra. Zorrozaurreko eremua erabat berritzeko asmoan, lehen proiektuetako bat da klinika. Ehunka langile ari dira hura eraikitzeko lanetan, eta urte amaierarako espero da bukatzea; 18.000 metro karratu izango ditu, eta 85 milioi euroko inbertsioa. Nafarroako Unibertsitate Klinikarekin batera, hura izango da Euskal Herriko osasun zentro pribaturik handiena.
Hogei egunean, sei hildako
Atzoko lan istripua aste honetako bigarrena da —hogei egunean sei langile hil dira Euskal Herrian, eta urte hasieratik 36—. Astelehenean, 26 urteko behargin bat zendu zen Mugerren, Salaberri garraio enpresan. Hari ere paletak erori zitzaizkion gainera. Makina batekin lanean ari zela, atzeraka hasi eta palet meta ukitu zuen, eta gainera erori zitzaion zama.
Uztailaren 29an, Zumarragako Arcelor Mittalen V.G.S. izeneko langilea zendu zen. Hurrengo egunean, nekazari bat hil zen Iruritan. Donostian, La Salle ikastetxeko fatxada konpontzen ari zela hil zen beste bat, segurtasun baldintzak betetzen ez zituen obra batean. Aurreko astean, berriz, garraiolari bat hil zen Zarautzen, gidatzen ari zen kamioia trenbidera amildu ostean.
LABen iritziz, oporretan jarduera ekonomikoa moteldu arren, prekarietatea bere gordintasun osoan azaleratzen da. «Datu makroekonomikoek gainezkatuta bizi garen honetan, benetan salatzekoa da langileen sufrimenduaz hitzik ez egitea».
Langile bat hil da Bilbon, garabi bateko zamak azpian harrapatuta
Igualatorio Mediko Kirurgiko berriko lanetan gertatu da ezbeharra; 45 urte zituen hildakoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu