Lan osasuna

Langile bat hil da Durangon, eraikin batetik erorita

Ertzaintzaren eraikinaren ondoko etxebizitza batzuetan konponketa lanetan ari zen.

Lan istripuak salatzeko manifestazio bat, artxiboko irudian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko uztailaren 2a
14:36
Entzun

Langile bat hil da gaur eguerdian Durangon (Bizkaia), eraikitzen ari diren etxe bateko bosgarren solairutik behera erorita.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez, 11:45ean izan da ezbeharra. Istripuaren zergatiak ikertzen ari dira.

ELAk jakinarazi duenez, Portugalgoa zen behargina, eta Ertzaintzaren eraikinaren ondoko etxebizitza batzuetan konponketak egiten ari zen.

ELAk babesa eta elkartasuna adierazi die hildako langilearen senide eta lankideei, eta, aldi berean, istripua berehala ikertzeko eskatu du, arrazoiak eta erantzukizunak argitzeko.

Sindikatuak uste du «aste beltza» izaten ari dela amaitzen ari dena. Haren zenbaketaren arabera, aurten jada 30 lagun hil dira Hego Euskal Herrian beharrean ari zirela. «Kopuru horrek Gasteizko eta Nafarroako gobernuei, patronalei eta baita erakundeei ere erreakzionarazi beharko lieke, laneko segurtasuna eta osasuna lehentasun izan dadin. Lan prekaritatea geldiarazi beharra dago, hori baita lan istripu eta lanbide gaixotasunen sorburua».

Istripu horietako asko eraikuntzan gertatzen dira, berez sektore horrek arrisku handiak dituelako. ELAk uste du kasu batzuetan enpresen ardura zuzena direla ezbehar horiek: «Askotan, enpresek prebentzioan ez inbertitzeagatik ez dituzte neurri egokiak ezartzen, eta horrek lan istripuak areagotzea eta langileen osasunean kalteak eragitea dakar. Gainera, azpikontratazio maila handiko sektorea da, eta horrek berekin dakar enpresek prebentzioaren arloan dituzten erantzukizunak murriztea».

LABek ere elkartasuna eta babesa adierazi die hildakoaren gertukoei, eta gaitzetsi egin du ezbeharra; «odolusteak ez du etenik», salatu du. Sindikatuak dio argi daukatela «lan istripuak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak, ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta, gaurkoan bezala, azpikontratazioaren emaitza dira». LABek administrazio publikoei eskatu die «istripua ikertzea, arduradunak seinalatzea eta ordainaraztea».

ELAk, LABek, ESK-k eta beste sindikatu batzuk datorren astearte eguerdian Durangon batzeko deia egin dute, lan istripua salatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.