A.G.L.L. 58 urteko langilea hil egin zen asteburuan, aurreko astean kolpea jaso eta hainbat egunez koman egon ondoren. Sindikatuen arabera, urtean beharrean ari zela hildako bigarren laguna da. Hilaren 10ean J.J.P.F. 49 urteko gizonezkoa hil zen Erandion (Bizkaia) Pinturas Juno enpresaren teilatua konpontzen ari zela.
ELAk eta LABek agiri banaren bitartez atzo azaldu zutenez, istripua hilaren 9an gertatu zen, Altuna Hnos metalgintzako enpresan, Oñatin (Gipuzkoa). A.G.L.L. makina batean lanean ari zela, makinaren esmeril pieza batek jo egin zuen eta larri zauritu zuen. Orduz geroztik, koma egoeran egon da, eta asteburuan zendu da.
Altuna Hnos enpresako langileek egun osoko lanuztea egin zuten atzo hildako langileari eta haren gertukoei elkartasuna adierazteko. Geldialdiarekin bat egin dute ELAk eta LABek.
ELAren arabera, istripuak «prebentzioaren porrota» erakusten du, eta horregatik eskatu du enpresa guztietan ezbeharrak eragozteko «benetako planak» indarrean jartzeko, gaur egun daudenetako batzuk «plan formalak» baizik ez direlakoan. Ildo horretatik, Osalani eta Lan Agintaritzari eskatu die lan segurtasunerako legedia betearaztea, «kanpainak eta formularioak betetzeko ekintzak» gaindituta.
Antzeko balorazioa egin duLABek ere: «Ardi dago enpresek ez dituztela prebentzio eta babes neurri egokiak jartzen». Sindikatu haren datuen arabera, iaz 64 lagun hil ziren Euskal Herrian osoan lanean edo lanerako bidean zeudela. «Kopuru hori gorabehera handirik gabe mantendu da azken urteotan, eta pixka bat txikitu izana egoera ekonomikoak enpleguan duen eraginari zor zaio, eta ez, ordea, lan baldintzak hobetzeko neurri errealak hartu izanari». LABen zenbaketa propioaren arabera, krisia hasi zenetik ia erdira jaitsi da lanean hildakoen kopurua: 2010ean 84 izan ziren, 2009an 85, 2008an 112 eta 2007an 125.
Langile bat hil da, egun batzuk koman egon ondoren
Makina baten esmerila erori zitzaion 58 urteko beharginari, Oñatiko Altuna Hnos lantegian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu