Langile bat hil da, eta beste bat larri zauritu, Abadiñoko enpresa batean

Makina bat konpontzen ari zirela izan dute ezbeharra; hildakoa azpikontratatutako enpresa batekoa zen

Erredakzioa
2011ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Langile bat hil zen atzo Abadiñoko Estampaciones Bizkaia enpresan: Juan Manuel Garcia Chicharro izena zuen, eta 49 urte zituen. Txatarra paketatzeko makina bat konpontzen ari zela, harrapatuta geratu zen. Azpikontratatuta ari zen, Metso Mineral enpresako langilea baitzen berez. Harekin batera ari zen beste langile bat helikopteroz eraman zuten Gurutzetako ospitalera, larri zaurituta. Bi hanketan anputazioak egin dizkiote, eta bestelako zauriak ere baditu. Hura Esmaltaciones Bizkaia bertako langilea da, mantentze sailekoa, eta 45 urte ditu.

Langile batzordeak emandako datuen arabera, 11:30ean gertatu zen ezbeharra. Oraindik ez dago argi zerk eragin zuen, ikertzen ari dira enpresako zuzendaritza eta prebentzio zerbitzua, baita Osalaneko teknikariak ere. Gertatutakoa salatzeko, 24 orduko lanuztera deitu du langile batzordeak. Gaur batzarra egingo dute, 11:30ean, eta, ondoren, 12:00etan, elkarretaratzea izango da enpresa atarian. Abadiñoko ezker abertzaleak beste elkarretaratze bat ere egingo du, gaur, 19:00etan, Matiena auzoko zahar etxearen aurrean.

ELAk gaitzetsi egin du paketatzeko makinaren mantentze zerbitzua azpikontratatutako enpresa baten esku egotea. Azaldu du produkziorako ezinbestekoa dela makina hori. «Istripu honek agerian uzten du azpikontratatutako enpresen segurtasun falta, enpresa nagusiak ez baititu gainbegiratzen». Astebetean azpikontratatuta ari ziren bi langile hil direla gogorarazi du. LABek egindako kontaketaren arabera, urtea hasi zenetik 44 langile hil dira lanean ari zirela.

Zigorra, zuhurtzia faltagatik

Hil ez, baina erredura handiak izan zituzten bi langilek Irungo metal leunketarako enpresa batean izandako istripuan. 2006ko abuztuaren 1ean gertatu zen, aluminiozko deflektore bat garbitzen ari zirela. Gorputzaren %45 erre zitzaion bati, eta %25 besteari. Epaileak hiru hilabeteko espetxe zigorra jarri die enpresako kudeatzaileari eta lan arriskuen prebentziorako arduradunari. Horrez gain, 49.170 euroko kalte ordaina eman beharko diote larrien zauritu zen langileari, eta 36.986 eurokoa bigarrenari, eta 150 euroko isuna ordaindu beharko dute. Langileen eskubideen aurkako «zuhurtziagabeko delitua» egitea leporatu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.