Langile bat hil da Fustiñanan, kamioi bateko enborrek azpian harrapatuta

Lubaki bat ari zen garbitzen M.A.S.R. 48 urteko langilea, eta induskagailu batetik enborrak erori zaizkio

Erredakzioa
Iruñea
2011ko urriaren 21a
00:00
Entzun
N-126 errepide bazterrean dagoen lubaki bat garbitzen ari zela, istripua izan zuen atzo Excavaciones y Repoblaciones Blasco enpresako langile batek. Induskagailu batekin ari ziren lanean. Enborrez beteta zegoen makina, eta zama gainera erori zitzaion langileari. Han bertan hil zen Miguel Angel S.R.48 urteko fustiñanarra.

Foruzaingoak emandako datuen arabera, 10:30 inguruan gertatu zen ezbeharra, errepideko 13. kilometroan, Tausteko kanaletik gertu. Larrialdi zerbitzuak azaldu ziren istripua gertatu zen tokira, baina ezin izan zuten ezer egin, ordurako hilda zegoelako langilea.

Nafarroako UGTk salatu egin du ezbeharra, eta gertatutakoa ikertzeko eskatu du. «Ikusi egin behar da garbiketa lanak lan arriskuen prebentzio neurriak betez ari ziren egiten edo ez». Lan osasuna bermatzea enpresei dagokiela gogoratu du; era berean, uste du Nafarroako Gobernuak ere eraginkorragoa izan behar duela ikuskatze kontuetan eta zigorrak jartzean. «Kasurik gehienetan istripuak informazio eta prebentzioa faltagatik gertatzen dira, baita gehiegizko lanorduengatik eta toki berean ari diren enpresen koordinazioa faltagatik ere», esan du sindikatuak.

Atzokoa ez da izan aste honetan gertatutako lan istripu larri bakarra. Herenegun ere beste langile bat hil zen; 30 urteko kamioilari portugaldar bat, hain zuzen. Eibarren (Gipuzkoa) gertatu zen ezbeharra, AP-8 autobidean, Azitaingo zubibidean. Gidatzen ari zen ibilgailua Deba ibaira erori eta harrapatuta geratu zen gidaria. Larrialdi zerbitzuak iritsi zirenean artean bizirik zegoen behargina, baina ezin izan zuten ezer egin. Azkenean, han bertan hil zen 30 urteko portugaldarra. Ibilgailuak Danimarkako matrikula zuen, eta esnea zeraman. Maiatzaren 30ean beste kamioilari batek ere istripua izan zuen han bertan. Baina ez zen ibaira erori; zubian eskegita geratu zen.

Aipatzekoa da azken egunotan garraiolariek izandako istripu kopurua. Urrian bertan lau hil dira. LAB sindikatuak egindako kontaketaren arabera, urtea hasi zenetik gutxienez 54 lagun hil dira lanean ari zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.