Langile bat hil da Gasteizen, lokal batean lanean ari zela karbono monoxidoak itota

Konpresore batek lokaleko oxigenoa xurgatu du, hasieran gas isuri baten ondorioz hil dela pentsatu badute ere

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Oxigenorik gabe geratu eta langile bat hil zen atzo Gasteizen. Atzo, 17:30ak inguruan, alde zaharreko Hedegile kaleko 32. zenbakiko lokalean eraberritze lanak egiten ari zen gasolio konpresore batekin. Konpresoreak lokaleko oxigeno guztia xurgatu zuen eta langilea ito egin zen, oxigenorik gabe eta karbono monoxidoa arnastuta. Lokalak haizebide gutxi zituen. Langileak kalera ateratzea eta laguntza eskatzea lortu zuen, larrialdi zerbitzuetako langileek artatu zuten, baina bertan hil zen pixka bat beranduago.

Hasieran gas isuri baten ondorioz hil zela pentsatu zuten. Leherketa baten beldur, eraikineko bizilagun guztiak etxetik aterarazi zituzten eta ingurua itxi zuten. Baina Gasteizko suhiltzaileek ikusi zuten lokalean pilatutakoa karbono monoxidoa zela. Suhiltzaileen esanetan, karbono monoxido kopurua oso handia zen.

Aurten Euskal Herrian hil den hamabosgarren langilea da,LABen zenbaketaren arabera.

Beste bat larri zauritu da

Gasteizkoa ez zen izan atzoko lan istripu bakarra. Amurrion (Araba) langile bat larri zauritu zen goizean, zortzi metrotik erorita, etxe bateko teilatua konpontzen ari zela. Gasteizko Santiago ospitalera eraman zuten.

Langileak Urduñako (Bizkaia) Gremios Rafa enpresan lan egiten du. Euskadiko CCOOk salatu du langilea lotu gabe zegoela eta teilatuaren inguruan ez zegoela jarrita sarea. Juan Luis España sindikatuko Eraikuntzako arduradunaren arabera, enpresa hainbat aldiz zigortu dute segurtasun neurriak ez betetzeagatik.

Gehiengo sindikalak (ELA, LAB, EHNE, EILAS eta Hiru) kontzentrazioa egingo du gaur 11:00etan Iruñean, Herri Lan Departamentuaren aurrean, hilabetean Dragados enpresak kudeatutako obretan bi langile hil direla salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.