Atzo eguerdian langile bat hil zen Zanbranan (Araba), horma batek azpian harrapatuta. Ertzaintzak jakinarazi duenez, ezbeharra 13:45 aldera jazo zen, Real kalean, Ceca Txulato hegazti kooperatibaren instalazioetan. Itxura denez, istripuaren unean hargin lanetan ari zen gizonezkoa, sarrerako atea handitzeko pareta bat ebaki nahian, hain justu. Osalan Laneko Osasunerako eta Segurtasunerako Euskal Erakundeak azaldu du, berriz, langilea fabrikako horma-itxitura bat eraisten ari zela, pala kargatzaile bat traktore bati lotuta. Gauza da ustekabean gainera etorri zitzaiola horma eta langilea traktorearen eta kooperatibako hormaren artean harrapatuta gelditu zela.
Istripuaren lekura joandako osasun zerbitzuetako langileek ezin izan zuten ezer egin hura salbatzeko. Hartutako kolpearen ondorioz, han bertan hil zen.
Hildakoak 41 urte zituen, eta Miranda de Ebron (Burgos, Espainia) bizi zen, baina jaiotzez boliviarra zen. Urte eta erditik gora zeramatzan Ceca Txulato hegazti kooperatiban lanean —aurretik ere denboraldi batzuez kooperatiba hartan lan egin izan zuela zehaztu zuten hildakoaren gertuko iturriek—, nekazari gisa teorian. Atzo, baina, bestelako lanetan ari zela izan zuen ezbeharra. CCOOko Arabako arduradunak adierazi du egunotan nekazaritzako lanik ez dagoelako ari zela beste lan batzuk egiten.
Kooperatibako lankideek susto itzela hartu zuten istripuaren berri izan zutenean, Efe berri agentziari jakinarazi ziotenez, ez zekitelako langileak horma hura atzo ebakitzeko intentzioa zuenik. «Lan horiek eguraldi ona hasi arte atzeratu zituela esan zigun», adierazi zuten. Azkenean, ahaleginean utzi zuen bizia.
Ertzaintzak eta Osalan Laneko Osasunerako eta Segurtasunerako erakundeak ikerketa hasi zuten istripuaren zergatiak argitzeko. Hildakoaren gorpua, berriz, Gasteizko Lege eta Auzitegi Medikuntza zerbitzuetara eraman zuten, autopsia egiteko.
Atzokoarekin, aurten gutxienez bost lagun hil dira Euskal Herrian, lanean ari zirela izandako ezbeharretan: bi hil dira Bizkaian eta bana Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan. Iaz, berriz, urte guztian, 80 hildako zenbatu zituen LAB sindikatuak.
Langile bat hil da, horma batek azpian harrapatuta
Berez Zanbranako Ceca Txulato hegazti kooperatibako nekazaria zen, baina hargin lanetan ari zela hil da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu