Langile bat hil da Imarkoainen, ate batek azpian harrapatuta

Sarrigurengo bizilaguna da Garraioaren Hirian gertatutako lan istripuan hildakoa, 43 urteko gizonezkoa

Erredakzioa
Iruñea
2012ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Imarkoaingo kirol biltegi bateko zaindaria hil zen atzo gauerdian lan istripu batean. 43 urteko gizonezkoa da hildakoa, Sarrigurengo (Nafarroa) bizilaguna. Ate batek azpian harrapatu zuen, eta hark eragindako zauriengatik hil zen behargina. Garraioaren Hirian dago biltegia; kirol tresnak ekoizten dituen enpresa batentzat segurtasun lanak egiten zituen hildakoak. Segurtasun zerbitzuaren buruak aurkitu zuen, izan ere.

SOS Nafarroak dei bat jaso zuen 00:15 inguruan; biltegiaren ate nagusia zaintzailearen gainera erori zela azaldu zuen deia egin zuenak. Suhiltzaileek atera zuten zaintzailearen gorpua ate azpitik, eta anbulantzian eraman zuten, baina medikuek berehala esan zuten hilda zegoela.

Foruzaingoa gerturatu zen ostean Garraioaren Hirira, la istripua gertatutako biltegira, eta ikerketa zabalik dago ordutik. Polizia zientifikoa lanean ari da. Hilotzari autopsia egingo diote Nafarroako Lege Medikuntzako Institutuan. Iruñean elkarretaratzera deitu dute gaurko Mercaderes kalean (19:30ean).

Lanuztea Beasaingo CAFen

Bestalde, amiantoarengatik hildako bi langile ohi gogoratzeko ordubeteko lanuztea egingo dute gaur CAFek Beasainen duen fabrikan. Amiantoarengatik hildakoak oroitzeko fabrikaren sarreran dagoen monolitoaren aurrean elkartuko dira langileak 10:00etatik 11:00etara.

Jose Garcia Ortega berriki hildako behargin ohia eta 2010ean zendutako Juan Urdangarin Begiristain langileen heriotzengatik protesta egitea da elkarretaratzearen helburua. Urdangarini duela gutxi onartu zioten gaixotasun profesionalagatik gaixotu zela.

Beasaingo CAFeko langile batzordeak dio 23 direla amiantoa arnasteagatik hildako langileak Beasaingo fabrikan. Zaragozakoan, berriz, 33 direla gaineratu du. Irunen ere bada kasu bat. Ofizialki onarturik daude denak. Amiantoak eragindako langileek eta hildakoen senitartekoek salatu dute «arazo handiak» dituztela kalte-ordainak jasotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.