Iruñeko Soto Lezkairu urbanizazioaren eraikuntza lanetan, atzo, langile bat hil zen lan istripuan. Ezbeharra, 16:36an gertatu zela jakinarazi zuen Nafarroako Gobernuak. Ezbeharraren ikerketaz, Iruñeko udaltzaingoa arduratuko da. Ezbeharra Mutiloagoititik gertuen dauden etxeetako batean gertatu zen. Hildakoa, K.M., Dragados enpresako langilea da.
Ez dago argi zerk eragin zuen ezbeharra. Lehen hipotesien arabera, makina zulagailu batek langilea jo zuen, eta kofrajerako hainbat kablez osatutako zementu harresi baten aurka bultzatu zuen. Berehala larrialdi zerbitzuek bi anbulantzia bidali zituzten istripua gertatu zen tokira, eta bere bizitza salbatzeko hainbat ahalegin egin arren, minutu gutxiren buruan zendu zen langilea.Cordovillako parkeko suhiltzaile talde bat ere bidali zuten langilea erreskatatzeko.
ELAk lan istripua gaitzetsi eta elkartasuna azaldu zien hildako langilearen senideei eta lankideei. Gaur, istripuaren inguruko informazio gehiago izatean, beste ohar bat igorriko dute.
UGTk gogorarazi zuen Nafarroan urtea hasi denetik hiru langile hil direla, eta horietako bi eraikuntza sektorean izan direla. Sindikatuek oroitarazi zuten istripuok eragiten dituzten sakoneko arrazoiek bere horretan jarraitzen dutela: «Lan arriskuen prebentziorako araudia ez da betetzen, aurreikuspen neurrien inguruko planifikazio falta dago, ez dago prestakuntzarik edo informaziorik, lan ordu gehiegi sartzen dira, lan erritmo handia dago...». Enpresei lan araudia betetzeko exijitzen diote, eta Nafarroako Gobernuari lan ikuskaritza modu eraginkorragoan eta zorrotzagoan betetzeko.
CCOOk eskatu zuen zorrotz iker dezatela lan istripua, «horrelako tragediak berriz ez gertatzeko». CCOOren arabera, lan istripuak galaraz daitezke, baldin eta lan arriskuen prebentziorako legea eta araudiak betetzen badira.
LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, aurten jada hamalau langile hil dira Euskal Herrian izandako lan istripuetan.
ELAk azaldu dulangileek mobilizazioak hasi dituztela Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumoko lurralde zuzendaritzaren egoitzan, lan arriskuen inguruko baldintzak direla eta.
Langile bat hil da, Iruñean, Soto Lezkairuko obretan
Dragados eraikuntza enpresan, K.M. langilea jo du makina zulagailu batek, eta berehala zendu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu