Lan osasuna

Langile bat hil da, makina batek harrapatuta

LABek enpresa egin du arduradun, makina zaharkituak ez berritzeagatik.

Iker Aranburu.
2017ko irailaren 20a
08:24
Entzun

Ezbeharra atzo gertatu zen, Cables y Alambres enpresan (Erandio, Bizkaia). Osalanen iturriek Efe agentziari esan diotenez, langilea kableak hariltzeko makinan ari zen lanean eta oraindik argitu ez dituzten arrazoiak direla medio, makinak harrapatu egin zuen, eta buruan kolpe handia eman zion. Haren ondorioz hil da, ospitalean. Biktimak 41 urte zituen eta hamabi urte zeramatzan lanean Cables y Alambres enpresan.

Osalaneko teknikariak enpresara joan dira gaur istripuaren nondik norakoak ikertzera.

Agiri baten bidez, LABek ziurtatu du istripuaren erantzuleak Cables y Alambres enpresa eta haren jabea direla, Vicinay taldea. "Behin baino gehiagotan egin ditugu salaketak, eta makinak geratu ditugu; horren aurrean, enpresaren erantzuna izan da langileen ordezkariak estutzea, eta istripuak ekiditeko prebentzio neurririk ez hartzea. Enpresa honetan ez da inolako inbertsiorik egiten, eta makinak zaharkituta daude".

Sindikatu abertzaleak uste duenez, inbertsio faltak makinak eta instalazioak hondatu ditu, "eta langileek egunero beren bizitza arriskuan jarri behar izan dute". Azken urteotan hainbat istripu izan direla gaineratu du.

Vicinay taldeak 2015eko maiatzean erosi zuen Cables y Empresas, "inoiz iritsi ez ziren inbertsio batzuk aginduz".

LABek dolumina eta babesa adierazi dizkie langilearen gertukoei, eta ziurtatu du urtea hasi denetik 43 langile hil direla Euskal Herrian lanean ari zirela. Berretsi du istripuak ez direla kasu bakanak eta ez direla "kasualitatez" gertatzen. "Arazo estruktural baten aurrean gaude, lan harremanen eredu zehatz bati erantzuten diote; eredu horretan, arriskuan daude langileen osasuna eta bizitza".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.