Mugerren (Lapurdi) 26 urteko langile bat hil da lan istripuz. Herenegun gertatu zen ezbeharra, Salaberri garraio enpresan. Makina baten gainean ari zen lanean langilea. Atzeraka ari zela gibelean zuen palet meta hunkitu eta dena gainera erori zitzaion. Buruan jo zioten paletek, eta hartutako golpeen ondorioz zendu zen. Salaberri enpresak jakiterat eman dio BERRIA-ri «ez duela gertakari horri buruz komunikatu nahi».
19:00ak inguruan gertatu zen ezbeharra, eta zaintzaileak ez zeuden gehiago lanean. Mugerreko industriagunean dago enpresa. 2003ko azaroaren 25ean sortu zen, eta 38 langile aritzen dira han.
Opor sasoia izanda ere, hainbat lan istripu izan dira azken egunotan Euskal Herrian. Atzokoa egun gutxian hildako bosgarrena izan zen. Uztailaren 29an Zumarragako (Gipuzkoa) ArcelorMittal enpresan gertatu zen ezbeharra. V.G.S. izeneko langile hil zen. Azpikontratatutako enpresa batentzat egiten zuen lan. Hurrengo egunean, Iruritako (Nafarroa) nekazari bat hil zen.
Hirugarren langilea Donostian zendu zen, 50 urteko D.A. gizonezkoa. San Luis La Salle ikastetxeko fatxada konpontzen ari zela, bost metrotik behera erori zen. Beirazko zuntz panelez osatutako eremu baten gainean zebilen, 25 kiloko porlan zaku batekin. Panel horiek ez zuten pisu hori jasaterik izan, eta jausi egin zen. Obrak ez zituela betetzen gutxieneko segurtasun baldintzak esan zuen Jaurlaritzak, obrak hasi zituztela ere ez zuen jakinarazi enpresak.
Atzo aurreko ezbeharra abuztuaren zortzian gertatu zen. Garraiolari bat hil zen Zarautzen. Gidatzen ari zen kamioia aurkako noranzko errepidera igaro zen, tarteko hesia hautsita. Ondoren, trenbidera amildu zen Meagako tunel parean, argitzeke dauden arrazoiengatik.
Langile bat hil da Mugerren, palet meta bat gainera erorita
Herenegun gertatu zen ezbeharra, Salaberri enpresan; 26 urte zituen langileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu