Langile bat zendu da atzo Murgan (Aiara, Araba) izandako lan istripuaren ondorioz. Langilea Zorroza birziklatze enpresak Murgan duen lantegian ari zen beharrean, eta, 17:30 aldera, lau metrotik behera erori zen. Aiaraldea Gaur-ek aurreratu du albistea, eta azaldu du Tubos Mecanicos del Norte enpresako langile grebalariek ikusi zituztela larrialdi zerbitzuak Murgara iristen.
Ertzaintzaren arabera, Gurutzetako ospitalean hil da behargin senegaldarra, erorketaren ondorioz jasandako zauriengatik. Osalanek eta Ertzaintzak ikerketa abiatu dute istripuaren nondik norakoak argitzeko.
Heriotza honekin, urte hasieratik hona, Euskal Herrian hamahiru dira lanean ari zirela istripuz hildako beharginak, eta Zaldibarko zabortegian bi langile desagertuta daude oraindik ere.