LABek emandako datuen arabera, istripu bat gertatu da Productos Tubulares enpresan, Trapagaranen (Bizkaia). Fabrikaren teilatuan lanean ari zen 25 urteko langile bat 15-20 metrotik erori da, eta berehala hil. Behargina Igorreko Estructuras Metalicas enpresako langilea zen; PTk kontratatua du enpresa hori, mantentze lan batzuk egiteko.
Istripuaren berri izan pronto, ekoizpena geratu zuten PTko langileek, eta erabaki zuten soldatatik kenduko dieten dirua hildakoaren senideei ematea.
Sindikatuaren zenbaketaren arabera, aurten Euskal Herrian lanean hildako 47. langilea da Trapagaranen zendutakoa. Horri gehitu behar zaio Zaldibarko zabortegiko hondakinen artean harrapatuta geratzen dena, Joaquin Beltran. Iaz urte osoan 46 hil zirela dio LABek, eta administrazioaren erantzukizuna nabarmendu du. «Bistan da ez dutela neurririk hartzen osasuna eta bizitza gal ez ditzagun».
LABek «elkartasuna eta babesa» helarazi dizkie hildakoaren senideei eta lankideei, baina baita azken hilabeteetan lanean hildako guztien ingurukoei ere. Haren iritziz, «lan istripuak ez dira zoriak edo kasualitateak sortuak: dauden lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioen emaitza dira».