Lan gatazka

Langile batzordea mehatxuak jasaten ari dela salatu du Tubacexeko zuzendaritzak

ELAk negoziazio prozesu erreal bat abiatzeko eskatu dio enpresari, «hamabost lerroko» idazki bat ez delako nahikoa egoera bideratzeko

Tubacexeko langileen elkarretaratzea EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko uztailaren 22a
14:54
Entzun

Tubacexeko zuzendaritzak Laudio eta Amurrioko (Araba) plantetako langile batzordea «mehatxuak» jasotzen ari dela salatu du. Hodigintza enpresak ohar bidez azaldu duenez, «pertsona talde batek» langile batzordeak asteazkenean egin zuten bilera moztu zuen. Enpresaren arabera, jende horrek langileen arteko barne bozketa egiteko erabakia hartu ahal izatea oztopatu zuen. Balizko bozketa horretan grebarekin jarraitu ala ez erabaki beharko lukete langileek. Zuzendaritzaren ustez, hori lantaldea isilarazteko asmo baten gailurra da.

Tubacexek gertaturikoa salatu du eta langile batzordeari lan egiten uztea eskatu du. Zentzu horretan, sindikatu eta langileen konpromisoa eskatu du. Langile batzordeko presidentea ELA sindikatukoa da, eta hark du afiliatu gehien enpresan. Bada sindikatuak, bere aldetik, «negoziazio prozesu erreal» bat hasteko eskatu dio zuzendaritzari, «hamabost lerroko proposamen bat» ez delako nahiko horrelako gatazka bat konpontzeko. 

ELAk ez du begi txarrez ikusten kaleratu asmo zituen 129 langileak lan txandetan sartzea, baina zein baldintzatan izango den argitu beharra dagoela uste du: jarduera itzultzeko modua, nola sartu aldi baterako erregulazioan… Era berean, ELAren ustez «juridikoki bateraezinak» diren auziak konpondu beharko lirateke, besteak beste, Auzitegi Gorenean duen helegitea. EAEko Auzitegi Nagusiak lan erregulazioa baliogabetu zuenean enpresak helegitea jarri zuen, eta auzi hori mantentzen duen ala ez izan daiteke negoziazio berrien korapilo estuena. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.