Euskal Herriko hiri nagusietan, langileak kalera atera dira gaur Maiatzaren Leheneko deialdiei jarraituz. Mobilizazio goiztiarrenetako bat Baionakoa izan da. Azken bi urteetan bezala, Maiatzaren 1erako mobilizazio deialdi bateratua egin dute Lapurdiko hiriburuan. CGT, SNUIPP eta LAB sindikatuez gain, Gazte Ekintza kolektibo sortu berria, EBA Egiazko Berdintasunaren Alde, Etorkinekin kolektiboa, Bizi, eta Baionako antzokia okupatu duten kultur eragileak batu dira deialdira. «Atzoko, gaurko eta biharko» langileen batasunera deitu dute, «mundu justu, garbi, sozial, solidario, berdinzale eta feminista» baten alde. Manifestazioa 11:00etan hasi da, Baionako Lan Burtsan.
Hasi dira Maiatzaren 1eko protestak Baionan. @bizimugi-k aberatsen manifestazio ironikoa antolatu du, "Euskal Herria salgai da!" oihu artean. @berriapic.twitter.com/vPsPT2Effn
— Oihana (@oi_tsr) May 1, 2021
Ezinbestekoa da gure eskubideen alde borrokatzea leloa du Baionako pankarta nagusiak. Horrekin batera, baina, migratzaileak, feministak eta ospitaleetako langileak euren pankartekin atera dira. Antton Hariñordoki Bizi mugimenduko kideak aberastasunen metatzea salatu du. Kulturgintzako langileek ere bat egin dute protestarekin. Gazteak ere presente izan dira. Elixabet Etxandi GKSko kideak azaldu du Baionan eta Maulen egin dutela bat deialdiarekin, eta Maiatzaren 1ak historikoki langile antolakuntzan izan duen garrantzia azpimarratu du.
Gazte bloke bat osatu dute "Gazte langileak borrokan" lemapean @berriapic.twitter.com/5d025yggKz
— Oihana (@oi_tsr) May 1, 2021
Baionako manifestazioan, arrautzak jaurti eta margoketak egin dituzte manifestazioaren ibilbidean zeuden banketxeei eta zenbait bidaia agentziaren egoitzei.
Hegoaldean, zatituta eta sakabanatuta
Batasun deiadarrik ez da, ordea, Hego Euskal Herrian, eta, zatituta mobilizatzeaz gain, sakabanatuta ere atera beharko dute langileek kalera. Eusko Jaurlaritzak manifestazio eskubidea mugatu du koronabirusaren kontrako neurrien artean. Hegoaldeko lau hiriburuetara deituak zituen langileak ELAk, eta eta CCOOk auzitara jo zuten, baina EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du Jaurlaritzaren debekua proportzionala dela eta ez duela urratzen oinarrizko eskubiderik. Epaileak dio mobilizazioetan parte hartzea ez dela jarduera profesional bat, eta, beraz, ez dela sartzen gobernuaren salbuespenetan.
Ondorioz, itxiera perimetrala ezingo dute hautsi gaur langileek mobilizazio nagusietan parte hartzeko. ELAk Gasteizen, Iruñean eta Donostian 11:00etan manifestatzera deitu ditu afiliatuak; Bilbon, 11:30ean. Aldaketa garaia da! izango du lelo ELAk. Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusi albokoak aurkezpenean esan zuenez, pandemiak inoiz baino ageriago utzi du eraldaketarako premia, milaka lagunen osasuna eta egoera ekonomikoa mehatxupean baitago —bereziki, emakumeena—, eta gizarte desberdintasunak areagotzeko bidean dira.
LABek, berriz, Baionakora ez ezik, beste 25 manifestaziotara ere deitu ditu, eskualde buru bakoitzean batera, Aldaketa da aukera. Zaintza, lana, bizitza, herria lelopean. Garbiñe Aranburuk aurkezpenean azaldu zuen sindikatuak «norabide aldaketa» bat eragin nahi duela mobilizazioekin. Politika sozialetan eta ekonomikoetan egin beharreko aldaketa da, eta indar sindikala da hura behartzeko bideetako bat. Hain zuzen, Aranburuk gaur Bilbon egin duten manifestazioan esan du greba orokor baten beharra dagoela, eta beste sindikatuei egingo die deia. Baliteke udazkenerako izatea.
#MaiatzarenLehena Garbiñe Aranburu @LABsindikatua-ko idazkari nagusiak greba orokor baten beharra aldarrikatu du. Beste sindikatuei luzatuko die deia. Udazkenerako izan daiteke. @berriapic.twitter.com/dGpj4y6JZ5
— Imanol Magro (@Imagreto) May 1, 2021
Iruñean, UGT eta CCOO elkarrekin manifestatu dira Betetzeko ordua da lelopean. Foruzainak izan dituzte bi sindikatu horiek aurrean eta atzean, ez Espainiako Polizia, beste sindikatuekin ohikoa izaten den moduan. Txetxu Rodríguez Nafarroako CCOOko idazkari nagusiak, aurten kalea berreskuratzea lortu dutela esan ondoren, ideia bat azpimarratu du: ordua dela langileekiko zorra ordaintzeko, 2013ko lan erreforma indargabetzeko, ultraktibitatea kentzeko, babes soziala indartzeko...
Manifestazioa hasi aurretik, han ikusi dituzte PSNko eledun Ramon Alzorriz eta Nafarroako Gobernuko presidenteorde Javier Remirez. Manifestazio amaieran, Itziar Perez eta Carmen Uriz, osasun arloko eta funtsezko langileen izenean, pandemian egindakoa gogoan mintzatu dira. Hasiera amesgaiztoa izan zela eta oztopoak gaindituz joan direla adierazi dute, «eskuina kaosa sortzen saiatzen ari zen bitartean».