Langileak prestatzeko laguntzak emango dizkie Gipuzkoa Aurrerak enpresei

2,5 milioi euro zuzenduko ditu ekimen horretara, eta 50 enpresa inguruk parte hartzea espero du

Donostia
2009ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Krisi garaian lan gutxirekin dauden enpresak gero eta gehiago dira, eta asko enplegua erregulatzeko dosierretara jotzen ari dira. Gipuzkoa Aurrerak, egoera horri irtenbide bat ematearren, Pertsonekiko Konpromisoa programa aitzindaria aurkeztu du. Enpresei langileen prestakuntzarako diru laguntzak emanez, funtsean lanpostuak eta enpresen lehiakortasuna bermatu nahi ditu ekimen horrekin.

Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun nagusiak eta Ramon Guridi Gipuzkoako Aldundiko Berrikuntza eta Ezagutzaren Gizarteko diputatuak aurkeztu zuten atzo plana Donostian. Inguruan zituzten Carlos Tamayo Kutxako Inbertsio Korporatiboetako zuzendari nagusia, Jose Maria Etxarri Gipuzkoako Merkataritza Ganberako presidentea, Jesus Maria Errasti Mondragon taldeko presidenteordea eta Eduardo Zubiaurre Adegiko presidentea.

Enplegua mantentzea bultzatzea, lanean dauden pertsonen enplegutasuna hobetzea eta kontratazio berriak sustatzea. Horiek izango dira ekimenaren helburuak, Olanoren esanetan. Horretarako, Aldundiak 2,5 milioi euroko funtsa sortu du, eta 50 bat enpresek parte hartzea espero du. Guridik azaldu duenez, pertsonak «oinarrian» edukita, «enplegu gaitasunaren alde, etengabeko prestakuntzaren alde eta bizitza osorako ikasteko bideen alde apustu irmoa» egin nahi du taldeak programa horrekin.

Finantzaketa

Egoera ekonomikoaren eraginez lana jaitsi zaien enpresen kasuan, prestakuntzak ekoizpenari jaten dion kostua finantzatuko dute. Nahikoa lan duten enpresen kasuan, berriz, langilea formatzen ari den bitartean hori ordezkatuko duenak eragindako kostua finantzatuko dute. Bi kasuetan ez da kostu osoa finantzatuko, %50 baizik, eta prestakuntzak 200 orduko muga izango du.

Bizitza osoko ikasketen bitartekarien eta enplegu orientazioaren kostuak ordaintzeko laguntzak ere emango ditu Aldundiak. Kasu horietan, kostuaren %100 hartuko du beregain.

Urteko bigarren seihilekoan jarriko dute martxan plana, eta sei hilabeteko epea edukiko du lehenengo fasean. Bigarrenerako, berriz, Eusko Jaurlaritzako Lan sailaren laguntza izatea espero du Guridik.

Diru laguntzak eskuratu nahi dituzten enpresek ezingo dute ekimenak irauten duen bitartean enplegua erregulatzeko dosierrik aurkeztu, eta lanpostuei eusteko konpromisoa ere hartu beharko dute. Horrez gain, 30 langile baino gehiago edukitzea, manufaktura sektorekoa izatea eta aldi baterakoak lantaldearen %10 baino gutxiago izatea ere kontuan hartuko da.

Plana berritzailetzat jo dute bai Olanok bai Guridik. Zubiaurrek ere «interesgarria» dela adierazi du, baina ez du uste nahikoa denik egoerari buelta emateko. Horretarako, egungo lan merkatu «zurruna» malgutu beharra dagoela esan du Adegiko presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.