Eusko Legebiltzarreko 75 diputatuek eskatu diote Eusko Jaurlaritzari ekintza plan bat egin dezala enpresa eredu inklusibo eta parte hartzailea sustatzeko. Horren bidez lortu nahi dute langileek esku hartze zuzena izatea enpresen kudeaketan, baina baita enpresaren kapitalean eta haren irabazietan ere.
Neurri praktikoen artean, eskatu dute langileek enpresaren kapitalari egindako ekarpenek zerga aringarriak izatea, BGAE pentsio osagarriek jasotzen dituzten modukoak.
Legebiltzarrak onartutako proposamenaren arabera, izen ona eman behar zaie langileen esku hartzea errazten duten enpresei, eta sari baten bidez egitea proposatu dute.
Arizmendiarretaren Lagunen Elkartearen proposamena da gaur Legebiltzarrak eztabaidatu eta onartutakoa. Hasieran, legezko proposamena egitea zen helburua, baina ez zuen lortu horretarako nahiko babesik.
Sindikatuak ez daude ados
Kooperatibaren munduak sustatutako ekinaldia ez dute oso begi onez hartu sindikatuek. "Ez dio heltzen langile klasearen ia benetako arazo bati ere: ez du aipatzen prekaritatea, ezta lan erreforma ere; ez da kezkatzen murrizketekin, ez soldaten aurkako erasoarekin", ziurtatu zuen atzo ELAk, agiri baten bidez. "Areago, enpresen zerga pribilegioak zabaldu nahi ditu".
Proposamenaren abiapuntua ez dela "egokia" dio, berriz, LABek: "Ez ditu auzitan jartzen egungo lan harreman eta enpresa eredua". Sindikatu horrek uste duenez, "egun Euskal Herriko enpresetan dagoen eredua guztiz kontrakoa da parte hartzailea eta inklusiboa den eredu batetik. Hiru zutabe nagusi ditu: prekaritatea, negoziazio kolektiboaren ukazioa eta patronalaren aldebakartasuna". Langileek enpresetan parte hartzea ekarriko lukeen eredu bat "ondo" ikusiko luke LABek, baina zenbait baldintza betez gero: erabakietan era erreal batean parte hartzea, irabaziak ere partekatzea, langileek akzioak modu kolektiboan erostea eta prekaritate eredutik aldentzea.