Maiatzaren Lehena. Euskal Herria

Langileen borroka, bizirik

Maiatzaren Lehenean milaka euskal herritar atera dira kalera murrizketak eta erreformak salatu eta langileen eskubideak defendatzera Antolatzearen eta protesta egitearen garrantzia nabarmendu dute sindikatuek

LABek deituta, Gasteizko kaleetan barrena atzo eguerdian egin zuten manifestazioa. Sindikatuaren arabera, 4.000 lagun bildu ziren. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Renteria, Joxerra Senar, Lander Muñagorri, Aitziber Arzallus
Baiona. Iruñea. Bilbo. Donostia
2012ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Inoizko egoera ekonomikorik zailenean ospatutako Maiatzaren Lehenean, egoeraren tamainako erantzuna eman zuten euskal herritarrek. Eguraldia lagun, milaka lagunek parte hartu zuten Euskal Herrian antolatutako mobilizazioetan. Murrizketak eta erreformak salatzeko aurrerantzean horrelako askoren beharra izango dela adierazi zuten sindikatuetako arduradunek, eta borrokara eta etengabeko protestara dei egin zieten langileei, orain arte lortutako eskubideak defendatzeko modu bakarra delako.

Gehiengo sindikala hautsita, ELAk eta LABek nork bere aldetik ospatu zuten Langileen Nazioarteko Eguna. Aldiz, CCOO eta UGT batera atera ziren kalera; Nafarroan, gainera, hamasei urtean lehen aldiz.

ELA

ELAk Bilbon ospatu zuen atzo Maiatzaren Lehena, 11.000 lagunen babesarekin, sindikatuak emandako datuen arabera. Adolfo Muñoz idazkari nagusiak murrizketen aurkako jarrera erakutsi zuen, eta aurrerantzean atzokoen moduko mobilizazio gehiago izango direla ere aurreratu zuen. «Ezinbestekoa da krisi politiko erreal bat eragitea gai sozialei lehentasuna emateko», esan zuen. Ildo horretan kokatu zituen otsailaren 25eko manifestazioa eta martxoaren 29ko greba orokorra, eta hurrengoetan ere bide horretan lanean jarraituko dutela zehaztu zuen. Baina bakarkako lana izan beharrean «aliantza sindikal eta sozial bat» lortzeko bidea lortu behar dela azpimarratu zuen, «botere politiko eta ekonomikoari murrizketak ezartzeko zirrikiturik ez uzteko».

Eusko Jaurlaritzari kritika zorrotzak egin zizkion Muñozek. «Hipokrita hutsak» direla leporatu zien. «Espainiatik datozen murrizketak kritikatzen dituzte, baina Jaurlaritzak urteak daramatza murrizketak egiten osasun arloan eta hezkuntzan». Raxoiren gobernuaren murrizketak oinarrizko lege batean jasoko dituela gaineratu zuen: «Era horretan, euskal erakundeak Madrilgo ordezkaritza administratibo huts bihurtzen ditu». Horregatik, euskal politikariei bi aukeraren artean hautatzeko eskatu zien, politikariak izatearen edo kanpotik datozkien erabakien kudeatzaile izatearen artean hautatzeko, hain zuzen.

Neurri «antisozial» horien aldean, sindikalismoa indartzeko beharra aldarrikatu zuen Muñozek. Lan erreformak soldatak jaitsi eta lan baldintzak kaskartuko dituelako, «sindikatua indartu behar da, negoziazio kolektiboa sindikatuak dituzten enpresetan egingo baita bakarrik». Ildo horretatik zihoazen ELAren atzoko manifestazioan irakur zitezkeen bi pankartak: Ezinbestez, sindikatua eta Bertako negoziazio kolektiboa indartu. Erreforma honekin ahal dugu.

LAB

LABen deiari ere Euskal Herri osoko milaka lagunek erantzun zioten atzo; ia 22.000k, sindikatuaren arabera. Baina ez ziren batu manifestazio bakar batean, eskualdez eskualde egin zituzten hogeitik gora manifestaziotan baizik. Lotu borrokari! Langileon Euskal Herria helburu lelopean, langileen borroka herrialde osora, hiriburuetara zein herrietara hedatzearen garrantzia nabarmendu zuen sindikatu abertzaleak horrela.

Erreformen eta murrizketen kontrako oihuak nagusi izan ziren manifestazio guztietan. Baina Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea eta independentzia aldarrikatzeko betarik ere hartu zuten parte hartzaileek, Espainiatik banatzea krisitik ateratzeko bide gisa ikusten duelako sindikatu abertzaleak. Hori horrela, agenda propio bat izateak duen garrantzia azpimarratu zuen Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak, Donostiako manifestazioaren aurretik hedabideei egindako adierazpenetan. «Erabaki beharra daukagu gure agenda nork finkatuko duen: Raxoiren ostiralek edo Euskal Herriko eragile sozial, sindikal, politiko eta instituzionalek».

LABeko idazkari nagusiak adierazi zuen Euskal Herriak nahikoa gaitasun baduela ibilbide propio bat jorratzeko: «Gaitasuna, eragileak eta gizartearen gehiengoa ditugu krisiaren aurrean gure bidea egiteko eta irteera propio eta demokratiko bat eraikitzeko. Horrela bakarrik bermatuko dugu langile klaseak etorkizun duin bat izatea». Bide hori aldarrikatzeko eta bide horretan urrats sendoak egiten hasteko garaia dela adierazi zuen Etxaidek, egitasmo berriak martxan jartzeko eta konpromiso berriak hartzeko garaia, hain zuzen.

Bulebarretik abiatu, eta Konstituzio plazan bukatu zen manifestazioa; bertan, politikako hainbat pertsona ezagunek parte hartu zuten, besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak eta Rufi Etxeberria eta Joseba Permach ezker abertzaleko kideek.

Baionan, Herriko Etxearen aitzinean egin zuen ekitaldia. Aitzinetik elkarretaratzea egin zuten BNP banketxearen aitzinean, industria atomikoan gehien inbertitzen duten Frantziako hiru bankuetariko bat delako. Banketxeek herritarren esku egon behar dutela aldarrikatu zuen LABek. Ekitaldi politikoan, borrokara lotzeko deia egin zuten.

CCOO eta UGT

Hamasei urtean lehen aldiz, CCOO eta UGT sindikatuek elkarrekin ospatu zuen Maiatzaren Lehena Nafarroan. Bien deiari erantzunez, milaka pertsonak manifestazioa egin zuten Iruñeko erdigunean, Guztia amaitu nahi dute; lana, duintasuna, eskubideak lelopean. Sindikatuen arabera, 8.000 lagun bildu ziren, eta, Espainiako Poliziaren arabera, 1.700 inguru. Juan Goien eta Jose Maria Molinero Nafarroako UGT eta CCOOko idazkari nagusiez gain, Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusia, Maria Txibite PSNko gizarte arloko idazkaria eta Jose Miguel Nuin Nafarroako Ezker Batuko koordinatzaile izan ziren.

Goienen arabera, martxoaren 29ko greba orokorraren «jarraipena» izan zen atzoko protesta. UGTko buruak gogor kritikatu zituen PPren politikak: «Hauteskunde kanpainan esandakoaren erabat kontrakoa egin dute». Lan erreforma kritikatu zuen, lanerako eskubidea «edukirik gabe» uzten duelako eta «lanaren eta kapitalaren arteko harremanak desorekatzen dituelako».

CCOOko Molinerok, berriz, «tokian tokiko politika» aldarrikatu zuen. «Baina ez Nafarroa bunker batean bihurtu nahi duen ikuspuntu inozo horretatik», azaldu zuen sindikatu eta alderdi abertzaleei erreferentzia eginez. Espainiako Gobernuari eskatu zion «faxismoaren kimuak» alde batera uzteko.

Iruñean bezala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan ere elkarrekin atera ziren kalera bi sindikatuak. Bilbon egin zuten manifestazio nagusia, Unai Sordo eta Damaso Casado Euskadiko CCOOko eta UGT-Euskadiko idazkari nagusiekin. Espainiako Gobernuaren murrizketa politikaren kontra, etengabeko mobilizazioa defendatu zuten biek ala biek.

Intersindikala

Aldiz, Baionako Maiatzaren Leheneko manifestazioa zatiturik bururatu zen atzokoan ere. Hala ere, azken urteotako jendetsuenetarikoa izan zen. Sindikatuen arabera, 4.800 lagunek hartu zituzten Baionako karrikak, langileen eskubideak errespetatzea aldarrikatzeko. UNSA, CFDT, CGT eta FSU sindikatuek osatu zuten manifestazioko atalik jendetsuena. Enplegua, soldata, erretreta, gizarte segurantza, lan kontratua eta zerbitzu publikoak, elkarrekin defendatu zioen manifestazio buruko leloak. Manifestazioa Baionako Lan Burtsatik abiatu eta Baionako Herriko Etxearen gibelean bukatu zen, ekitaldi batekin.

Frantziako presidentetzarako bi itzulien artean izan da aurten Maiatzaren Lehena, eta sindikatuek Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen agintaldiaren bilana egiteko baliatu dute. «Azken urte hauetako bilduma gorde nahi izan du Sarkozyk: erretretadunek haren jazarpena pairatu dute, gizarte segurantza arriskuan ezarri du, sindikatuen aurkako politika sutsua burutu du, eta, orain, azken 30 urteetako gizarte lorpenak ezabatu nahi ditu». Hori saihesteko, Europa mailako mobilizazioa plantan ezarri behar dela erran zuten sindikatuek. Krisialdia kapitalak eragin duela azpimarratu zuten, eta, ondorioz, horri buru egiteko langileek erantzun bateratua plantan ezarri behar dutela. Sarkozyk Maiatzaren Lehenaren izaera bahitu izan duela salatu zuten.

Gainontzekoak

Sindikatu nagusiek ez ezik, txikiagoek ere ekitaldi ugari gauzatu zituzten atzo; agian, jendetsuena CGT, CNT, ESK eta Solidari sindikatuek eta hainbat gizarte eragilek deituta egin zuten, Iruñean. Manifestazio soil bat baino gehiago izan zen, gainera. Goizean, bizikleta martxa bat egin zuten Nafarroako hiriburuko kaleetan zehar; eguerdi partean, manifestazio jendetsua —800 lagun inguru bildu ziren—, eta, gero, bazkaria. Langileen eskubideak defendatzeko, mobilizazioaren bidea aldarrikatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.