HILBERRIA. Patxi Agirrezabala

Langileen bozgorailu

Oihan Vitoria.
2016ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
ELA sindikatuko komunikazio arduradun eta Batzorde Eragileko kide Patxi Agirrezabalak (Zarautz, Gipuzkoa, 1958-2016) adio esan zuen atzo arrastian. Minbizi luze baten ondorioz zendu da, 58 urte zituela. Ibilbide luze eta emankorra egin du sindikatuan, batik bat zerbitzu publikoen federazioan. Azken urteotan komunikazio arduradun lanetan jardun da buru-belarri.

Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan eman zituen lehenbiziko pausoak ELAko ordezkari gisa. Urteetan sindikatuaren militante izan ostean, irakaskuntza alorreko arduradun hautatu zuten, eta federazioko idazkari nagusi ere izan zen. Sektore publiko eta publifikatuak ELA-Gizalan federazioan elkartzean ere ardura bera hartu zuen, eta 2007ra arte aritu zen. Batzorde eragileko kide izan da orduz geroztik.

LABekin izandako tirabirak konpontzeko eta elkarlanerako prestutasuna agertu izan du. 2009ko greba orokorraren atarian ere irmo defendatu zituen sindikatuaren oinarriak: «Grebak ez ditugu arriskuen mailaren arabera neurtzen: erasoei aurre egiteko prest gaude», esan zuen BERRIAn egindako elkarrizketa digital batean. Burujabetza prozesu baten aldeko jarrera ere behin baino gehiagotan atera zuen argitara, betiere autokritikari eta elkarlan bideei atea itxi gabe.

ELAk doluminak adierazi dizkie Agirrezabalen gertukoei. Sindikatuko idazkari nagusi Adolfo Muñozek atsekabea agertu du, langileen defentsan ibili zen militante bat galdu dutelakoan. «Pertsona gogorra zen, Euskal Herri justu baten alde egin zuen lana; lanerako prest zegoen une oro. Sindikatuak asko zor dio». Muñozek eredugarritzat jo du haren jarduna, beharginen interesen bozgorailu izan baitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.