Deialdia ofiziala da dagoeneko: ELA, LAB, STEILAS, ESK, HIRU, ETXALDE eta EHNE sindikatuek ofizialki erregistratu dute urtarrilaren 30erako greba deialdia, Eusko Jaurlaritzak Bilboko Kale Nagusian duen egoitzan. Horrenbestez, pauso burokratiko guztiak emanak daude mobilizazioa bideratzeko. Sindikatuen ustez, gainera, egun deialdia jakinarazi zenean baino "are arrazoi gehiago daude" greba egiteko. Onarturiko Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuak, Nafarroako Gobernukoaren proiektuari buruz jakin dena eta PSOE eta Podemos alderdiek Espainiako Gobernuek akordioek ez diete erantzunik eman Euskal Herriko Gutun Soziala deialdia egitera eraman dituen arrazoiei. Era berean, gogoratu dute Ipar Euskal Herriko langileek hilabetetik gora daramatela pentsio duinen aldeko «borrokan», eta horrek are garbiago erakusten duela Euskal Herriak pentsio sistema propioa behar duela.
Sindikatuek bat egin dute eskaera aurkezteko, eta, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, «erasora jotzeko» eginiko deialdi bat da, «lan guztien aitortza sozial eta politikoa egiteko, zaintza lanak barne». Aranburuk urte hasiera honetan lan istripuetan hildakoak hartu ditu gogoan grebarako arrazoiak aipatzean: «Bizitza duinaren aldeko greba bat erregistratzera gatoz, eta gogoratu behar da urteak dituen bederatzi egunetan sei langile hil direla dagoeneko lan istripuetan. XXI. mendean gaude, eta oraindik lanera joateak gaixotzea edo hiltzea esan nahi du».
Mitxel Lakuntza ELA idazkari nagusiak, bestalde, «kalean estutzeko» garaia dela nabarmendu du: «Patronala ez da erlaxatzen, eta guk ere estutu behar dugu. Pentsioei buruz hitz egiten bada, pentsiodunek kalean estutu dutelako da; berdintasunaz hitz egiten bada, mugimendu feminista kalean dagoelako da; eta, prekaritateaz hitz egiten bada, sindikatuak kalean gaudelako da». Era berean, Lakuntzak esan du greba honek balio behar duela prekaritatearen, pentsioen okertzearen eta eskubide sozialen urraketaren inguruan dagoen «isiltasuna» apurtzeko.