Lan gatazka

«Irabaziek» eragindako greba

 ITP Aeroko grebalariek salatu dute onartezina dela 260 milioi euroren irabaziak izan dituen enpresa batek 194 kaleratze egin nahi izatea.

ITP Aeroko grebalari batzuk Zamudio teknologia parkean egin duten manifestazioa prestatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko irailaren 17a
08:21
Entzun

«Irabazi hauekin, kaleratzerik ez!». Hori izan da ITP Aerok Zamudioko (Bizkaia) duen lantegiko grebalariek gehien errepikatu duten oihua goizean eginiko manifestazioan. Oihua, eta arrazoia, grebalarien ustez, enpresaren zenbakiak eskuan hartuta ez baitago 194 langile kaleratzeko arrazoirik. Izan ere zifrak argigarriak dira: hegazkinentzako turbinak egiten dituen plantak 260,6 milioi euroko irabaziak lortu zituen 2016tik 2019ra, eta 2016an 23,3 milioi banatu zituen dibidendutan akziodunen artean.

Zenbakiak, baina, haratago doaz; «azken urteetan bikain ari ginen lanean», nabarmendu du Gaizka Aldazabal langile batzordeko kideak. «2019a urte historikoa izan zen salmentetan. Azken urteetan 300 langile sartu dira, finkoen eta behin-behinekoen artean”. Egun 1.269 langilek dihardute Zamudion, eta enpresak mahai gainean jarritako erregulazio espedienteak multzoaren %15,3ari eragingo dio. Behin-behineko langileak, aldiz, 87 dira, eta haien etorkizuna ez dago garbi. ITP Aeroren jabea Rolls Royce multinazionala da, eta salgai jarri du, eta sindikatuen susmoa da soldaten karga murrizteak erakargarriago egin dezakeela.

Koronabirusaren krisiak gogor jo du hegazkingintza, eta enpresak lan kargaren jaitsiera horrekin argudiatu du espedientea. Aldazabal, baina, ez dago hain ados: «2020ko lehen sei hilabetekoan zortzi milioi euroko irabazia izan dugu, 11 milioi libera. Pandemia, hegazkinak geldirik, mugimendurik ez… Eta hala ere ez da galerarik egon». ELA sindikatuak deitu du manifestaziora, batzordeko 23 kideetatik hamar haienak dira, eta beste oihuetako bat «Ez, ez, ez, EREari ez» izan da. ERE erregulazio espedienteak izendatzeko gaztelaniazko siglak dira, eta ELAk ez du sinatzeko asmorik: «Orain sinatzen badugu, aurrerago argudio bera erabil dezakete neurri zorrotzagoak hartzeko».

Manifestazio luzea izan da, 150 lagunekoa, eta trafiko eragozpenak sortu ditu parkeko sarreretan. Gero Zamudio herri gurutzatu du ITPren plantara itzuli aurretik. 07:30etan hasi da, eta ordu eta erdi iraun du. Bigarren greba eguna izan da, kaleratzeen kopuru zehatza jakin osteko aurrenekoa: «Horrelako egoera batean gauden lehen aldia da, eta ez dugu ulertzen, enpresaren egoera ona delako», aldarrikatu du Iratxe Aurre langile batzordeko buruak. Herenegun jaso zuten enpresaren txostena eta hurrengo astelehenean dute hurrengo bilera zuzendaritzarekin. Bertan espedientea nola aplikatu negoziatzen hastekoak dira.

Txostena ondo aztertzeko garaia da, eta batzordetik «kontraesanak» bilatzen saiatuko dira. Negoziazioko lehen bilerak egoera absurdo batzuk ere izan zituen; besteak beste, bideo deien bitartez biltzea zuzendaritza eta langile batzordea eraikin berean egon arren. «Horrela dena da zailagoa, aurrez aurreko bat-batekotasuna galtzen duzu. Dena da nekagarriagoa», kritikatu du Arruek. Horren arrazoiak bi dira: batetik, koronabirusa kutsatzeko arriskua, eta bestetik, ITP Aerok Alcobendasen eta Aljavirren (Espainia) dituzten plantetako batzordeek ere parte hartu ahal izatea.

Hiru plantetan egingo du erregulazio espedientea ITP Aerok, eta ELAk ez du formula hori gustuko. Lantoki bakoitzean hartu beharreko neurriak lantokiko batzordearekin negoziatzea nahi du. «Orain arte horrela izan da. Lan hitzarmenak, baldintza bereziak… Lantokika negoziatu izan dugu beti. Zergatik aldatu duten galdetu diogu enpresari, eta erantzun zain gaude», azaldu du Arruek. «Nik hemen egiten dut lan, eta hemen negoziatu nahi dut. Nik ez dut Alcobendaseko errealitatea ezagutzen, haientzat ere ez da bidezkoa nik haien izenean negoziatzea», gehitu du Aldazabalek.

22an, greba eta manifestazioa

Non negoziatu da orain arte Zamudioko sindikatuak urrundu duen puntua. «Gu erregulazio espedientearen aurka gaude, bai Zamudion eta bai beste fabriketan», azaldu du David Gago CCOO sindikatuak batzordean duen kideak. Bere sindikatuak zortzi kide ditu, eta bost UGTk. CCOOk ez du parte hartu lehen bi grebetan, eta bere argudioak eman ditu: «Informazio zehatza izan arte itxaron nahi genuen mobilizatzeko. Txostena jaso arte. Astelehenean bilduko gara sindikatu guztiak, eta ondoren erabakiko dugu zer egin». Hilaren 22rako greba deialdia egina dute Espainiako hegazkingintzako enpresetako sindikatuek, eta ELAk, bere aldetik, greba deialdia du ITP Aeron. Bilbon manifestazio deialdia dago egun horretarako, eta litekeena da ITP Aeroko sindikatu guztiek bat egitea.

Goizeko manifestazioak irudi bitxi bat izan du, pankarta eta afixez gain, langile bakarrak eraman baitu sindikaturen bateko bandera, eta hura CCOOkoa zen. Batzordeko kide bat zen, gainera. Gago ez du harritu: «Ondo dago hori, gu ez gaude mobilizazioen aurka. Erakunde sindikal bezala, guk aurrerago hastea erabaki dugu, baina gure kideei esan genien lasai asko joan zitezkeela manifestaziora. Zerbait lortu nahi badugu, guztiok bat eginda egon behar dugu».

Sindikatuak, izan ere, funtsezkoenean bat eginda baitaude. «Neurri traumatikoak eragotzi behar dira», nabarmendu du Gagok. «Enpresak aurkakoa esan arren, krisi hau aldi baterakoa da, ez da estrukturala. Osasun egoera konpontzen denean, honek guztiak berriz ere egingo du gora. Hau garbiketa egiteko baliatu dute», gehitu du Aldazabalek. Enpresak, izan ere, astelehenean esan zien ez zutela espero egoera epe motzean zuzentzerik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.