Larrañagaren izendapenak agerian utzi du patronalen arteko giro txarra

Cebekek abstentziora jo du Arabako patronalaren «desleialtasuna» salatzeko.Roberto Larrañaga presidente berriak ez du baztertu Confebasken barne orekaren inguruko «hausnarketa» bat egitea

Miguel Angel Lujua presidente ohia bostekoa ematen Roberto Larrañaga presidente berriari; eskuinean, Eduardo Aretxaga idazkari nagusia. MIGUEL TOÑA / EFE.
xabier martin
2015eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Bizkaiko Cebek patronalak enbido jo du Confebasken. Arabako SEAk patronalen konfederazioa gidatzeko aukeratua zuen gizonaren «desegokitasuna» aipatuta, Cebekek mehatxu egin zuen aurkako botoarekin edota abstentzio batekin. Azkenean, Iñaki Garcinuño presidente duen erakundeak txartel horia atera dio SEAko hautagaiari abstentzio baten bidez, baina jokoa jarraitzen utzi du aurkako botoaren txartel gorria gordeta. Eta, ondorioz, Roberto Larrañaga enpresari arabarra da Confebaskeko presidente berria atzodanik, Gipuzkoako Adegiren eta SEA beraren aldeko botoei esker.

Baina Arabako eta Bizkaiko patronalen arteko giroa ez da ona, eta Cebekek abstentzio «arrazoituaren bidez» jakinarazi du bere ezinegona SEArekin. «Azken lau urteotan, jarrera desleialak eduki dituzte SEAko ordezkariek Confebasken, eta horrek tentsio handira eraman gaitu». Garcinuñoren patronalak aho bilorik gabe eskatu zizkion kontuak atzo Pascal Gomezenari. «Barne tentsioa hedabideetara eraman dute jarrera desegoki horiek, eta horrek konfiantza eza ekarri du argi eta garbi. Gure arteko harremana Cebek nahi ez zuen maila batean kaltetu du».

Akusazio horiek entzun eta gero, prentsaren aurrean azaldu zen Confebaskeko presidente Roberto Larrañaga, arazoak bideratzeko jarrera argiarekin. Miguel Angel Lujua presidente ohia eta Eduardo Aretxaga idazkari nagusia alboan zituela, presidente berriak esan zuen «eguneroko lanarekin inork zalantzak baldin baditu haiek uxatzea» espero duela. «Guztien presidentea» izango dela gaineratu zuen, «desadostasunak eta zailtasunak atzean uzteko».

Baina non daude desadostasunak? Galdera zehatza egin zioten Larrañagari, eta Cebeken arabera protagonismorik nahi ez zuen presidentea ez zen ezkutatu: «Desadostasunak gertatzen dira lurralde bakoitzak bere ezaugarriak dituelako sindikatuen eta zergen atalei begira». Horren aurrean, «barne kohesioaren alde» egingo duela agindu zuen.

Finean, SEAko ordezkarien jarrera jakin batzuen desegokitasunetik harago, Cebek ez dago gustura konfederazioaren barne orekarekin. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako patronalen konfederazioaren ereduak berak ukituak behar dituela uste du, eta Larrañagaren izendapen prozesuan jarritako oztopoek ezinegon hori islatu dute.

Larrañaga, SEAko kidea bera, Confebaskeko orekak ukitzeko prest legoke, ordea, patronal bakoitzaren pisua beste modu batean ordezkatua egon dadin? «Hausnarketa bat egitea posible da», esan zuen atzo. Oraingo ereduak hiru patronalen arteko berdintasuna finkatzen du Confebaskek zuzendaritzako organo guztietan. Baliteke datozen hilabeteetan ereduari «ukitu» batzuk egitea, gaur-gaurkoz zaila dirudien arren.

Sindikatuei deituko die

Bestela, Roberto Larrañagak jakinarazi zuen «euskal sindikatu guztien ordezkariei» deituko diela, «bilera pertsonalak edukitzeko eta harreman iraunkor bat ezartzen saiatzeko». Negoziazio kolektiboa ere aipatu zuen Confebaskeko presidente berriak, enpresarien eta langileen artean «elkarrizketa eta adostasun gehiago» nahi duela esateko. Confebaskek, ordea, aspaldian erakutsi zituen kartak negoziazio kolektiboari begira, eta Larrañaga ez da aterako lan erreforma baliatzeko ildotik.

Alor pribatuaren eta publikoaren arteko «lankidetzan sakontzea» eta «euskal kontzertu ekonomikoa defendatzea» izango dira Confebaskeko buruaren beste bi helburuak. Hau da, erakunde publikoek enpresen aldeko politikak (diru laguntzak barne) ez uzteko presio egiten jarraituko du Larrañagak, eta, burujabetzari begira, kontzertu ekonomikoa izango da Confebasken sabaia.

Roberto Larrañaga Oianguren (Eibar, 1958) Arabako eraikuntza sektoreko enpresari ezaguna da.1981ean iritsi zen Gasteizera, eta han egin du bere ibilbide gehiena; Zikotz zuzentzen du gaur egun. Confebaskeko seigarren presidentea izango da Larrañaga. Haren aurretik aritu ziren Jose Maria Vizcaino (1982-1992), Baltasar Errazti (1992-1998), Roman Knorr (1998-2005), Miguel Lazpiur (2005-2011) eta Miguel Angel Lujua (2011-2015).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.